Atzealdea Xan Aire

Xan Aire (Urepele, 1984), ikasketak frantses letrak eta euskal filologia lizentzietan eginak. Azken 14 urteotan Seaskan eta Ikastolen Elkartean euskara teknikaria, lanketak ikasgelaz kanpoko euskararen erabileran eta gurasoen sentsibilizazioan ardazturik.

Erabil Kolektiboan laguntzailea, bereziki soziolinguistika dibulgazioan, tailerrak sortuz eta animatuz. Euskaltzaleen Topagunea eta Garabide elkarteen ohiko kolaboratzailea. Aldudeko ibarreko Libertimenduetan laguntzaile izana.

  • Hitzaldia: Ipar Euskal Herrian haur eta nerabeen euskarazko errealitatea hobetzeko gakoak
  • Eguna eta ordua: 2022ko maiatzaren 12an, 10:40tik 11:10era
  • Laburpena

Hizkuntza errealitate lausoak, ikusezinak ez esatearren, bizi dituzte euskalduntze bidean dauden Ipar Euskal Herriko haur eta nerabeek, beste hainbat lurraldeetan bezalaxe: Arrue ikerketaren emaitzen joera nagusiak baieztatzen hasi dira Seaskako ikastoletan egiten diren mikro-inkestetan, Haur Hezkuntzatik Batxilergorako prozesuan.

Hortik, eta daramagun lan kolektiboari esker, badakigu haur eta nerabeen euskalduntze bidea hobeki zedarritu beharko dugula ondoko urteetan, ikastolaren arloetan. Esparru kurrikularrean, Hizkuntza, Literatura eta euskaldunon Historia Soziala landuz eta ebaluatuz. Patioetan, lan-marko arrazionalagoan lan eginez, ikasleen arteko harreman ez formal eta espontaneoak euskalduntzeko. Etxeetan, gurasoei luzatu diskurtsoak zehaztuz, horien errealitate soziolinguistikoaren arabera, baita horien haurren adinen arabera.

Hala ere, ikastetxeetan bezainbat, gure plazetan ere daude joka gai nagusiak, haur eta nerabeei hizkuntza komunitate aske bat eskuragarri eginez. Gure instituzioek euskaldunon babesa bermatzeko bitartean, herri mugimenduari zabaltzen ari zaizkio gure komunitatea agerian emateko hiru pista, gazteak amesten jartzeko potentziala dauzkatenak: borroka askatzaileekin konexioak egitea, herri kulturaren bidez loratzea, eta mundu mailako hizkuntza lankidetzatik bide berri eta unibertsalak zabaltzea.

Ororen buru, gazte euskaldun eta euskaltzaleak amesten jartzea (eta amesten uztea) funtsezkoa delako, gure haur eta nerabeek ere etorkizuna euskaraz amesteko bidean.