
2025/02/28
Xabier Paya Ruiz (Getxo, 1982) getxoztarrak egingo ditu aurten aurkezle lanak. 2023an lurralde ezberdinetako aurkezleak gonbidatzeko erabakia hartu zenetik, Nafarroako (Joseba Olagarai) eta Ipar Euskal Herriko (Ihintza Arrieta) ordezkariak izan dira Udaltopen, eta, hamazazpigarren edizioan Bizkaiak hartuko du lekukoa (2026an arabarra izango da).
Euskal Herriko Unibertsitatean Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziatua, askotariko ikasketekin osatu du bere formazioa Xabi Payak, besteak beste, Multimedia Komunikazioan, Ikus-entzunezkoetan, Administrazioan, Europar Kulturetan edota Kultur Kudeaketan. Hain zuzen, azken urteetan Getxoko kultur zuzendari gisa ari da lanean. Aurrez, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuko Programazioaren zuzendari aritu zen. Gidoilari, bertsolari eta itzultzaile gisa ere ibilbide oparoa du, baita euskal hedabideetako kolaboratzaile gisa ere.