Atzealdea Vicenta Tasa valentziarrak emango du lehenengo hitzaldia

2026/03/24

Justizia linguistikoa izango dugu aurtengo mintzagaia Udaltopen. Egitaraua osatzeko lanean gabiltza eta Aste Santuko oporren bueltan zabalduko badugu ere, itxita ditugun hizlariak aurkezten joango gara.

Hitzaldi sorta zabaltzeko, Vicenta Tasa Fuster (Oliva, 1974) gonbidatu dugu, berea izango da XVIII. edizioa zabaltzeko ardura. Valentziarra Konstituzio Zuzenbideko irakaslea da Valentziako Unibertsitatean. Bertan, hizkuntza-eskubideen katedraren zuzendaria da 2019an sortu zenetik, eta, gaur egun, PEN Catalàko Hizkuntza Eskubideen Batzordeko arduraduna da eta d'El dret a la llengua. Per una Declaració Universal dels Drets Lingüístics amb perspectiva de futur argitalpenean koordinazio-lanak egin ditu.

Valentziako Unibertsitateko irakasleak Udaltopek egindako gonbidapena onartu du eta Justícia lingüística: la igualtat real de les llengües izena jarri dion hitzaldian, justizia linguistikoaren ikuspegi filosofiko eta politikoa eskainiko du. Era berean, egoera minorizatuan dauden hizkuntzak indarberritzeko oinarri etiko eta politikoak azaltzen ahaleginduko da, eta hizkuntza politiken oinarri teoriko eta praktikoetara ekartzeko orientabideak emango ditu.