Atzealdea Udaltopen hamabosgarren edizioak 250 lagun elkartu ditu Lasarte-Orian eta online

2023/05/11

Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako foru zuzendariak eta Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Udaleko Euskara saileko buruak zabaldu dute gaur goizean Udaltop. Goizean, hitzaldiak eta talde-lana izan dira protagonista.

Bat, bi, hiru… Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz izenburupean, goizean abiatu da Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa. 16 urte bitarteko neska-mutilen eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera sustatzeko adibide praktikoak ezagutarazteko eta zabaltzeko ahalegina izango da aurtengoa, baina batez ere, eskola eskolaz kanpoko jardueren adieraz sistema sortzeko prozesua nabarmendu behar da.

Beñat Garaiok zabaldu du hitzaldien tartea. Udaltopek azkenengo ekitaldietan oinarri sendoak finkatu ditu aisialdia euskararen biziberritzerako akuilu garrantzitsua izan dadin, are gehiago haur eta gazteen kasuan. Bere aurkezpen, Beñatek hainbat gertuko gako proposatu ditu, bai ekimen zehatzetako esperientziak azalduz, bai hainbat ikerketetan jasotakoa partekatuz, bai Euskal Herritik kanpoko lan-ildo batzuk ekarriz esku artean ditugun erronka ezberdin horietarako lagungarri gisa.

Jarraian, Iñaki Arruti Udaltop Batzordeko kideak eta Eider Gurrutxaga EMUNeko teknikariak eskola-orduz kanpoko jardueren hizkuntza egoera monitorizatzeko tresna sortzeko emandako urratsak azaldu dituzte. Egitasmo honen helburua da udalerrietan 16 urtetik beherako gazteei eskainitako eskolaz kanpoko jardueretan euskarak duen lekua diagnostikatzeko bitartekoa izango den adierazle sistema sortzea, udalerri guztietako egoera modu paretsuan edo konparagarrian irakurtzeko aukera emango duena. Hain zuzen, parte-hartzaileek prozesu honi ekarpenak egin dizkiete talde-lanean. Udaltopen iragarri dutenez, udazkenerako aurreikusten da tresna aurkeztea, orain artekoa hastapeneko prozesua izan baita.

Goizeko azken hitzaldian, Estitxu Alkortak (Eusko Jaurlaritza, HPS) eta Rafa Ugaldek (Amorebieta-Etxanoko Udala) Eusko Jaurlaritzak burutu duen egitasmo pilotu baten berri eman dute, hain zuzen, Aretxabaletan, Amurrion eta Zornotzan. Aurkezpenean aurreratu duten bezala, pilotajean ikasitakoak eta erabilitako gainerako herrietara zabaltzeko asmoa dago, tokian tokiko haurren/gazteen kirol sistemetan euskararen erabilera areagotzeko.

Bihar, gehiago

Ostiralean izango da jarraipena Udaltopek. Goizeko 9:00etan ekingo zaio bigarren egunari talde-lanean jasotako ekarpenen berri emanez.

Jarraian, Izaro Arrutik hartuko du hitza, Hezkuntza soziolinguistikoa: Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena izena eman dio bere aurkezpenari. Ostiraleko lehen blokea amaitzeko, Imanol Epeldek Eskolak bakarrik ezin badu, norekin bai? galderari erantzungo dio.

Goizeko bigarren tartean praktika onak izango dira protagonista. Iparraldeko, Nafarroako eta Arabako praktika onak entzuteko aukera izango da, guztira, sei, horietako bat bideo-testigantza bidez.