2018/04/12
Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak. Horixe da Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak hamargarren ediziorako aukeratu duen izenburua. Eta izenburuak berak iradokitzen duen moduan, Euskaraldia izango da oinarri nagusia. Horrela iragarri dute gaur goizean komunikabideen aurrean Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak egitaraua aurkeztearekin bat.
Bederatzigarren edizioan hasitako bideari jarraipena emango zaio beraz. “Ate joka ditugun erronkez hausnartzeko eta etorkizun hurbileko estrategiak zirriborratzeko baliatu nahi dugu aurtengoa. Azaroan abian jarriko dugun ekimena izango da arreta-gune nagusia, eta horri lotutako hainbat gai izango ditugu mahai gainean”, aurreratu du Estitxu Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak. “Iazko Udaltop –jarraitu du– funtsezkoa izan zen denon artean lantzen ari garen Euskaraldiaren proiektua gorpuzteko, aurtengoa aurrekoa bezain baliagarria izango dela sinetsita gaude”.
Bide horretan, “salto kualitatibo” bat emango dela nabarmendu du Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak. “Aurreko edizio gehienetan Udaltopen helburuak izan dira esperientziak trukatzea eta hausnarketa sustatzea. Azkeneko bi urteotan esperientziak elkarrekin abiatzea izaten ari da helburua”.
Elkarlanaren adierazgarri, instituzio eta erakunde ezberdinen arteko lankidetza izaten ari da. Horrela ulertzen da hamargarren edizioaren prestaketa lanean Euskaltzaleen Topagunea gehitu izana. “Euskara Euskal Herri osoan egunero normal erabili ahal izatera iristeko, ezinbestekoa da herritarrek, gizarteak eta erakunde publiko eta pribatuek batera ekin dezatela”, adierazi du Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. “Guztien arteko lankidetza nahitaezkoa da, horrela ari da abiatzen Euskaraldia egitasmoa. Elkarrekin ekitearen ondorio garrantzitsuetako bat da Euskaraldiak sekulako ilusioa sortu duela herritarrengan, eta ilusio hori bihurtu behar dugu euskaldun guztiak aktibatzeko motore”, erantsi du.
Bere parte hatzea amaitu aurretik, Udaltop honetan parte hartzeko gonbita luzatu du “erakunde eta herri ekimenak elkarrekin lanean segi dezan, bideak hortik behar duela” erabat sinisten duelako Elena Lakak ordezkatzen duen euskaltzaleen mugimenduak.
Egitarau oparoa
Guztien artean bi eguneko egitarau oparoa osatu dute. Ostegunean, maiatzaren 17an, 2018ko Euskaraldiaren gainean dauden berrikuntzak, esperientziak eta ikerketak aztertuko dira. Ostiralean, maiatzaren 18an, berriz, datorren urteko Euskaraldiaren lehenengo harria jarriko da. Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak oinarrizko proposamen bat aurkeztuko dute eta bertaratu guztien ekarpenak jasotzeko baliatuko da ostiral goiza.
Guztira, bederatzi ponentzia, proposamen berri baten aurkezpena, proposamenari ekarpenak egiteko saioa, ekarpen lanaren ondorioak eta amaiera ekitaldia jasotzen ditu aurtengo egitarauak, Eta hamargarren edizioari lotutako sorpresaren bat edo beste. Sorpresa izanik, ez dute pista gehiagorik eman nahi izan, bai ordea, momentua. “Ostegun arratsaldeak izango du lanetik bezala ospakizunetik”, aurreratu du Antxordokik.
Prentsa agerraldian gaur bertan zabalduko den izen-ematea xehatu dute. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da, izen-ematea atalean. Prezioa 65 € da, eta izen-ematea maiatzaren 4an itxiko da. Prezio horren barruan sartzen dira: jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuko den materiala, osteguneko bazkaria –aurten Zubietako Araeta jatetxean egingo da– eta bi egunetako aho-gozagarriak.
Biltzar profesionalak, hamar urte
2009az geroztik udaletako euskara zerbitzuak elkarrekin topo egin dute Udaltopi esker. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak Udaltop “udaletako euskara teknikarien, eta azken urteotan gehitu zaizkigun bestelako eragileen, biltzar profesionala” gisa definitu du.
Atzera begirako bat eginez, Udaltopek 10 urteko ibilbidean “udaletako hizkuntza politikaz goi mailako bilduma” eratu duela esan du, beti ere “udalerri mailan aplikatuak eta aplikagarriak diren gaiak eta esperientziak pilatuz”. Eta pilaketa horretan, 1.600 parte hartzaile, 145 hizlari aditu eta gai desberdin asko landu direla azpimarratu du, besteak beste, familia transmisioa, aisialdia, udalen hizkuntza politika, herritarren aktibazioa, udalen erabilera planak, udalen legea, kirol jarduerak, eta abar, “ikuspegi orokor batetik, euskararen erabilera soziala arnas-berritzea”, amaitu du GFAko Euskara Zuzendariak.