2022/02/09
Zer eta nola egin udaletatik eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko? galderari erantzuna ematea izan zen 2021. urteko Udaltopen xede nagusietako bat. Bi eguneko jardunaldian hainbat aditu aritu ziren eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko gakoak ematen eta praktika onak azaltzen.
Jardunaldian bi lan-ildo nagusi jorratu ziren: batetik, Toki Erakundeen Legearen eta 179/2019 Dekretuaren ondorioz udalek dituzten tresna juridikoak eta, bestetik, eremu sozioekonomikoan eragiteko udal planak. Horiekin batera Eusko Jaurlaritzak hainbat eragilerekin elkarlanean onartutako Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana (2020-2023) izan zuen hizpide jardunaldiak.
Jardunaldian esandakoak oinarri hartuta osatu da Eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko, udaletarako zenbait gidalerro argitalpena. Betiere, langintza hori duten teknikariei lan-metodo edo lan-tresna eskaintzeko asmoarekin. Alor zabala dela kontuan hartuz, gidalerroa bi esparru hauetara mugatu da: kanpo-kontratazioan eta arlo sozioekonomikoa normalizatzeko udal planetan.
Udaltopetik aditzera eman dutenez, “ezinbestekoa da kanpo-kontratazioan fokua jartzea. Kontratazio publikoetan hizkuntza-klausulak txertatzea betebehar bat delako eta horietan hizkuntza-baldintzen aplikazio egokiak jartzen badira, euskararen normalizazioan jauzi ikaragarria emango da”.
Interesa duen edonork kontsulta edo jaitsi dezake gidalerroa Udaltopeko webguneko Dokumentuak atalean.