Udaltop “Eskolak bakarrik ezin badu…” galderari erantzuna aurkitzen ahaleginduko da

2022/05/12

Udaltopek Lasarte-Oriako plaza berreskuratuko du hamalaugarren edizioan. Pandemiak ezarritako bi urteko etenaldiaren ondotik, Manuel Lekuona Kultur Etxeak bi eguneko jardunaldia hartuko du, gaur eta bihar, helburu zehatz batekin: 16 urte bitarteko haur eta nerabeentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko gakoak ematea.

Eskolak bakarrik ezin badu… Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko? izenburupean, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean adin-tarte horretako neska-mutilentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko jarraibideak ematea izango du xede Udaletako Euskara Zerbitzuaren Topaketak.

Antolatzaileek osatu duten egitarauak bi elkarrizketa, sei hitzaldi, praktika onen bideo-testigantzak eta talde-lana jasotzen ditu. Topaketa Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiaren, Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkatearen eta Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Saileko arduradun politikoaren hitzekin hasi da.

Alkateak ongi-etorria egin ondoren, Markel Olanok hartu du hitza. Adierazi duenez, “euskararen etorkizuna bermatzeko berebiziko garrantzia” du haur eta gaztetxoei hizkuntza “erakargarri” bilakatzea. Horretarako, hezkuntza sareak egiten duen lan eskerga osatze aldera, gaur egun adingabeen “sozializazio ibilbidean funtsezko” diren bi elementuri espreski erreparatzea proposatu du: “ikus-entzunezkoen sorkuntzari eta mundu digitalari, batetik, eta kirolari, bestetik”. Antxordokik, berriz, “elkarlanaren garrantzia” azpimarratu du, “elkarlana euskaratik kanpoko entitate eta eragileekin”.

Jarraian, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko sailburu eta kontseilarien elkarrizketen txanda izan da. Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz EJko sailburuek “euskararen erabilera sustatzeko politikak garatzea” dagokiela aitortu dute, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo dute “gure errealitate soziolinguistiko anitzak kontuan hartzea, gazteek euskararekiko dituzten pertzepzioak, bizipenak, gaitasuna eta erabilera askotarikoak direlako. Gure ardura da euskara erabiltzeko baldintzak beteko dituzten egoerak sortzea, eta lankidetzan aritzea ezinbestekoa da”.  

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak eskola-orduetatik kanpo euskara erabiltzeko aukerak gehitzeko proposamenak jarri ditu mahai gainean, eta etorkizunerako erronka hauek nabarmendu ditu: “zeharkakotasuna, euskara bizitza arlo orotan sustatzeko; lankidetza; eskolan ikasitako euskara erabiltzeko aukera ematea; plangintza hobeak egiteko datu-bilketa sistematizatua edota, euskarazko aisialdi aukerak ugaltzeko toki entitateei eta gizarte ekimeneko elkarteei laguntzak handitzea”.

Programazioak aurrera jarraituko du Xan Airerekin; Ipar Euskal Herrian haur eta nerabeen euskarazko errealitatea hobetzeko gakoak emango ditu Seaska-Ikastolen Elkarteko ordezkariak. Jarraian, Kataluniara begira jarriko gara; Udaltopen ohitura denez, gure mugetatik haratago gauzatzen diren esperientzietatik ikasteko aukera izango da aurten ere. Marina Gay i Faura eta Jesus Vinyas i Cirera, Òmnium Cultural eta Consell Escolar de Catalunyako ordezkariak hurrenez hurren, izango ditugu 67 propostes de millora per reforçar l´us del català izeneko ponentziarekin.

Eta goiza bukatzeko, Berritzegune Nagusiko Joseba Ibarretxe eta Irungo Berritzeguneko Iñaki Biain izango ditugu hizlari. Hain zuzen, edizio honetan Berritzeguneetako ordezkariak bidelagun izan ditugu, belaunaldi berrietako haur eta nerabeak euskal hiztun osatuak izateko beharrezkoa baita euskarazko ekosistema indartsu bat, eta horretarako, gutxienez, hezkuntza eta hizkuntza arloko eragileak elkarlanean jartzea beharrezkoa da. 

250 lagunetik gora

Erakunde antolatzaileek emandako datuen arabera, 270 lagunetik gora izango dira jardunaldiak jarraitzen. Pandemiak eraginda, azkeneko bi edizioak soilik online egin dira eta hamalaugarren edizioko nobedade nagusietako bat izan da Udaltop aurrez aurre eta online ikusteko aukera eskaintzea.

Ikusle kopuru gehien Manuel Lekuona Kultur Etxean bilduko bada ere, 150 baino gehiago, online jarraituko dutenak 120 inguru izango dira. Horietako 31 gainera, Kataluniako Consorci per a la Normalització Lingüística erakunde publikoko hizkuntza normalizazioko teknikariak izango dira.