
Mikel Gartziarena Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saileko Irakasle Atxikia da (Irakasle Agregatu akreditzazioarekin), eta ikerketa-seiurteko bat dauka (2018-2023). Gaur egun, etorkizuneko irakasleen Lehen Hezkuntzako gradu-programan irakasten du, Gipuzkoako UPV/EHUko campusean. Lehen Hezkuntzako irakasle izateko gradu-ikasketak burutu zituen Atzerriko Hizkuntza irakasteko espezialitatean (UPV/EHU), Idazlee Eskolako (UNED) graduondokoa eta Eleaniztasuna eta Hezkuntza Masterra (UPV/EHU). Zenbait urtez Lehen Hezkuntzan irakasten jardun ostean, UPV/EHUko ikerketa-kontratua lortu zuen (2017–2021) ondorengo izenburudun nazioarteko doktore-tesia burutzeko: “Hegoaldeko Lehen Hezkuntza irakasleen eleaniztasun-eta metodologia-usteak”, zeinak Cum Laude aipamena eta Doktorego Sari Berezia eskuratu baitzituen Hezkuntza Zientzien adarrean, 2023an.
Mikel Donostia Research on Education And Multilingualism-go (DREAM) kidea da (2017-2025), eta bere ikerketa honako hauetan ardazten da: bat, hizkuntza gutxituen eta eleaniztasunaren inguruan irakasleek dituzten ikuspegi eta jarreretan; bi, hizkuntzen irakaskuntza eleaniztun eraginkorrerako estrategietan; eta hiru, hizkuntza gutxituen biziberritze eta erabileraren susperraldian funtsezko diren faktore sozial eta linguistikoetan. Horietan, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Erasmus+ programak finantzatutako hainbat ikerketa-proiektu gidatu ditu. Era berean, nazioarteko hainbat ikerketa-erakunderekin elkarlanean aritu da, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu Aberystwyth-go Unibertsitatean (Galesen), Montrealgo Unibertsitatean (Kanadan), Triesteko Unibertsitatean (Italian), Boise State Universityn (AEBn) eta Nevadako Unibertsitatean, Renon (AEBn). Azkenik, Alan R. King Irakasle Egoiliar izendatu zuten 2024an, Aberystwyth Unibertsitateko Gales eta Kultura Zentroan (CAWCS), Galeseko Trinity Saint David Unibertsitatearen eta Etxepare Euskal Institutuarekin koordinatuta. Hizlari gonbidatu gisa zenbait hitzaldi eman ditu Euskal Herriko Unibertsitatean, Freie Universitäten (Alemanian) eta Prifysgol Aberystwyth Universityn (Galesen), besteak beste. Halaber, SYRISM Nazioarteko Kongresuan (Polonia) Poster Aurkezpen Onenaren Saria irabazi zuen 2017an; 2019an Karmele Igartua IX sorkuntza-beka eskuratu, eta Henrike Knörr ikerketa-saria irabazi zituen 2023an, Araban euskararen erabilera ikertzeko.
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez 20 argitalpen baino gehiago plazaratu ditu, Euskera, Fontes Linguae Vasconum, System, International Journal of Multilingualism, Language and Education, Innovation in Language Learning and Teaching eta Current Issues in Language Planning bezalako aldizkari nazional eta nazioartekoetan. Bestalde, 20tik gora ikerlan aurkeztu ditu nazioarteko kongresuetan, ACLA/CAAL, IAML3, EDiLiC eta ICMLn, besteak beste. Tantak Aldizkariaren batzorde editorialeko kide da Euskal Herrian, eta nazioarteko hainbat aldizkaritan berrikusle modura jardun izan du, baita kanpo-aztertzaile gisa ere Young International Academics Proposal-en doktoretza ondoko proiektu-deialdietan (IAS, Luxenburgoko Unibertsitatean). IAM elkarteko kide da. .
- Hitzaldia: IGOA: irakaslegaien ohartze eta ahalduntze soziolinguistikoaren indar biderkatzailea
- Eguna eta ordua: Maiatzak 16, 12:15-12:45