Atzealdea Pablo Suberbiola Unanue

Pablo Suberbiola Unanue Soziologian Lizentziatua (EHU) da. HIZNET hizkuntza-plangintzan graduondokoa (Eusko Ikaskuntza, 2002) eta Màster universitari d'Humanitats (UOC, 2016) egindakoa. Horrez gain, soziolinguistikaren eta hizkuntza-plangintzaren esparruko hamaika ikastaro eta jardunalditan hartu du parte. 

1991tik 1999ra Ttakun Kultur Elkartean dinamizatzaile izan zen. Enpresetako Euskara planak diseinuan eta kudeaketan aritu zen (Ttakun-Emun, 2000-2001), eta 2002an SEI Elkartean hasi zen lanean ikerlari eta teknikari gisa (2002 > 2004). 2004tik gaur arte Soziolinguistika Klusterrean ari da lanean, ikerlari eta teknikari modura. Bi gairen inguruan garatu ditu nagusiki azken urteotan bere proiektuak eta ikerketak: hizkuntza ohituren aldaketa prozesuen azterketa bata, eta eskola giroko hizkuntzen erabilera bestea. Klusterrean, besteak beste, honako proiektuen arduradun gisa ari(tu) da azken urteotan: Aldahitz Ikerketa proiektua, Arrue Ikerketa eta Eralan.

  • Hitzaldia: Eskolaz kanpo, zer eta nola egin behar dugu hobeto, hiztun hobeak sortzeko?
  • Eguna eta ordua: 2022ko maiatzaren 13a, 9:00etatik 9:45era
  • Laburpena
  • Saio honetan, Udaltop-eko antolatzaileek proposaturiko galderari erantzuteko saiakera bat egiten da, horretarako oinarri nagusi gisa azken urteetan Soziolinguistika Klusterraren baitan egindako ikerketa batzuk hartuta: Arrue Ikerketa, Gazteak euskararen eszenatokian, Aldahitz Ikerketa eta Euskara kirolkide. Eskolaz kanpokoari begiratzeko, eskolako zenbait erreferentzia emanaz abiatuko gara, “eskolak bakarrik ezin du” ideiaren ildotik. Jarraian, ikasleen eskolaz kanpoko hizkuntza-erabileren egungo datuei begiratu azkar bat egingo diegu, oinarri horrekin saioaren gai nagusian sartzeko (“zer eta nola egin udalerrian?”).