
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko kidea. Egun, Batera Jauzi parte hartze komunitarioko prozesuak dinamizatzen herri mailan eta aisialdi eta kulturgintzako proiektuak kudeatzen dihardu lanean. Gizarte Hezkuntzan graduatua. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan hezkuntza teknikari izandakoa eta Gernika-Lumoko egitasmo eta eragile soziokulturalen parte hartze prozesuak bidelaguntzen eta koordinatzen ibilitakoa.
- Hitzaldia: Batera Jauzi: euskararen erabilerarako baldintzak adosteko prozesu/praktika herritarra
- Eguna eta ordua: Maiatzak 16, 13:15-13:45
- Laburpena: Egun, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua den garaiko Topaguneak, hamarkada berrirako bere helburuak eta lan-ildo estrategikoak zehazteko, III. Kongresua antolatzea erabaki zuen 2022an. Erabaki horri jarraiki, eta euskararen erabileran jauzi erreal eta goranzkoa emateko helburuarekin, esku-hartze berritzaile bat jarri genuen martxan.
- Ilusioz eta ausardiaz beterik, ildo berri horri ekin genion: nazio mailan Batera Jauzi izeneko dinamika abiarazi genuen. Ondoren, prozesu hori herri mailara egokitu dugu.
- Gizarte-eraldaketarako dinamika honek askotariko jendartea elkarrizketan jartzen du: euskaratik hurbil dauden zein urrunago dauden pertsonak, hain justu ere. Askotariko bizipen eta pentsamenduak dituzten zein euskara-maila desberdina duten herritarren arteko elkarrekintza da hau, Aldaketaren Teoria deritzon metodologian oinarrituta. Helburu nagusia da herritarrek, maila lokalean, euskararen erabilera areagotzeko eman beharreko baldintzak adostea; aldi berean, erabilerari bultzada emango dion nazio mailako olatua sustatzea ere bilatzen delarik.
- Orain arte, Arrigorriagan eta Elgoibarren jarri da martxan egitasmoa, eta norabide berean, bestelako herri batzuetan aktibatzea da orain helburu.