Zuzenbidean Lizentziatua (EHU, 2002) eta abokatutzarako praktika juridikoak burutua (Arabako Abokatuen Kolegioa, 2004).
Lanbide Heziketako irakaslea, Lan Prestakuntza eta Orientabidea espezialitatean. Lanbide Heziketako hainbat ikastetxe publikoetan lanean aritua eta gaur egun, Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko irakaslea.
Lan Prestakuntza eta Orientabidea espezialitateko ikasgaia digitalizatzeko lanetan ibili da, Heziraul proiektua burutuz. Proiektu honetako edukiak heziraul.eus web gunean argitaratu dira.
Tknika Berrikuntza Zentroko Ikasenpresa proiektuaren koordinatzailea izan da eta duela bi urtetatik hona Lanekin Elkartearen kudeatzaile lanetan dabil.
- Hitzaldia: 1. abagunea? Lanbide heziketako praktikaldia eta prestakuntza duala
- Eguna: maiatzaren 6an, 10:00etatik 10:30era.
- Laburpena: Lanbide Heziketa izenak dioen bezala, Lanerako hezten dira ikasleak gurean. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketa erreferentziazkoa da Europan eta baita mundu mailan ere. Arrakasta honen arrazoietako bat da Lanbide Heziketako ikastetxeak eta lantokiak elkarlanean aritzea. Elkarlan honek, elkar eragile izatera daramatza, ikastetxe eta lantokiak.
Honen adibide nagusia da Lantokiko Prestakuntza eta Duala: ikaslearen heziketaren zati bat ikastetxean da eta heziketaren beste zati bat lantokian bertan. Honenbestez, Lanbide Heziketako ikaskuntza prozesuaren parte dira lantokiko egonaldiak.
Arlo sozioekonomikoa osorik ulertu nahi badugu, Lanbide Heziketa ere ardatzean jarri beharrean gaude. Lan munduan euskararen normalizaziorako gako da Lanbide Heziketa, bertan formatzen direlako etorkizuneko profesional eleanitzak izango diren ikasle eleanitzak eta bertan sortzen direlako lan mundurako euskarazko hainbat baliabide (idatzizko materialak, ikus-entzunezkoak…).
Gainera, lantokietan Lantokiko Prestakuntza eta Duala euskaraz eginez, euskara lantokiko kudeaketa aurreratuan ezartzea sustatzen da.