Atzealdea Miren Dobaran Urrutia

Miren Dobaran Urrutia

Miren Dobaran Urrutia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da. Euskal Filologian lizentziatuta, hainbat kargu publiko izan ditu: besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria izan da eta Berangoko alkatea. 

Aurrez, Uribe Kostako Mankomunitatean euskara teknikaria izan zen eta Lauro Ikastolan irakasle.

  • Hitzaldia: Euskara eremu ekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023
  • Eguna: maiatzaren 5a, 9:05etik 10:00etara. 
  • Laburpena: Plan honetan jasotzen dira HPSren eskumen eta zereginak, baita Jaurlaritzarenak bere osoan gainditzen dituzten proposamenak ere. Gauza jakina izanik lan munduak gure gizartea goitik behera zeharkatzen duela, lan munduan eragingo duten estrategiek ere gizartea bere osoan ukitu beharko dute, eragingo bada. Hori dela eta, eragile ugarirentzako lanak biltzen dira bertan: administrazioarentzat (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak), euskalgintzarentzat (aholkularitzak nagusiki, baina baita beste eragileak ere), enpresentzat (enpresariak, kooperatibak…), langileentzat (sindikatuak nagusiki, horiek langileen ordezkariak diren heinean), eta herritarrentzat (bai kontsumitzaile elkarteen bidez, baita euskalgintzaren bidez ere). Guztiek ez dituzte ardura eta erantzukizun berdinak izango Eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ezartzeko hizkuntzen kudeaketa garatzeko jardunean, baina guztiek dute zeresana eta egitekoa. Eusko Jaurlaritza eredugarri izan behar da prozesu horretan, lidergoa erakutsi behar du. Izan ere, Administrazioari dagokio, lehenik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta lan hizkuntza euskara izan dadin sustatzea. Hala, administrazioko langileen % 71k nolabaiteko euskara-ezagutza izanik, euskarak zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izan behar du gurean, eta gizartearekiko harremanetan, eragile izatea dagokigu.