Gizarte-langintzan Diplomatua (2007), Gizarte- eta Kultur-antropologian Lizentziatua (2011), eta Gizarte-antropologia Masterduna da (2017) Euskal Herriko Unibertsitatean. 2010tik bere jardun profesionala Euskaltzaleen Topagunean burutu du, eta hainbat ardura eta zeregin bete ditu talde-lanean betiere:
- Aniztasun arloan: koordinatzaile izan da “Auzoko” harrera linguistikoko egitasmoan (2010-2012) eta “Jatorri anitz, herri bat” Gipuzkoako partaidetza-prozesuan (2012-2014), eta antolatu ditu, besteak beste, “Euskara aniztasunean” jardunaldia (2011) eta topaketa (2014). Aholkulari lanetan aritu da Lasarte-Oria eta Pasaiako harrera-planak abiatzen, eta herri horietaz gain, sortu ditu Zumaia, Lezo eta Azpeitiko harrera-gidak (2013-2015). Ikerlari moduan partaide izan da “Hitzanitza, euskara etorkizun anitzean” ikerketa kualitatiboan (2016, ikus bibliografia), eta ekarpena egin du EAEko Harrera Planean hizkuntzen ikuspuntutik (2020). Era berean, gairi lotutako hainbat formazio, foro eta jardunaldietan hizlari izan da.
- Mugimenduaren elikadura arloan: Bizkaiko (2010-2012) eta Gipuzkoako (2013-2017) euskara-elkarteen sustatzailea izateaz gain, Euskal Herriko sustapen orokorra gidatu du (2013-2022). Era berean, Euskaraldiko Euskal Herriko koordinazio teknikoko kide eta kudeatzailea izan da lehen hiru edizioetan (2018-2022), eta tartean egokitu zaio Ipar Euskal Herriko lotura lana egitea. Arlo honetan gidatu ditu, besteak beste, tokian-tokiko dozenatik gora partaidetza-prozesu, antolatu ditu hainbat jardunaldi, egitasmo eta formazio-saio, eta parte hartu du, esaterako, Soziolinguistika Klusterraren ”Tokian-tokiko hizkuntza aktibazioa” ikerketan (2015-2020).
- Gipuzkoa arigunen: 2023tik Gipuzkoa Arigune dinamikako koordinatzailea da.
Hainbat ikerketa-lan gauzatu ditu bere ibilbide akademiko eta profesionalean, besteak beste:
- OZAITA, Mikel (2012). <Auzoko egitasmoa, gerturapen bat. Euskara eta aniztasuna abiapuntu dituen egitasmo pilotuen gaineko azterketa
> in BAT aldizkaria. 92. alea. Andoain: Soziolinguistika Klusterra. OZAITA, Mikel (2016a). <Machirulo/kosmopaleto, puta/cashero. Euskararen aurkako diskurtsoei aurre egiteko hainbat zertzelada Mugimendu Feministaren teoria eta praktiken iturrietatik > in BAT aldizkaria. 97. alea. Andoain: Soziolinguistika Klusterra. BULLEN, Margaret, OZAITA, Mikel, SANTAQUITERIA, Ainara (2016b): Hitzanitza, euskara etorkizun hurbilean. Enplegu eta Gizarte Politiketako saila, Eusko Jaurlaritza. Argitaratu gabe. OZAITA, Mikel (2017). Euskararen aldeko etnografia bat: Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren azterketa partaideen eta taldetasunaren ikuspegitik. Master amaierako lana, EHU. Argitaratu gabe.
- Hitzaldia: Gipuzkoa arigune: elkar ulertzeko saio bat
- Eguna eta ordua: Maiatzak 17, 12:40-13:05
- Laburpena: Gipuzkoa arigune egitasmoak hizkuntza-harrera dispositibo bat landuko du, euskara eta komunitatea uztartzen dituen esperimentazio integral baten barruan. Artikulu honetan, proiektuaren gakoak azaltzen dira, eta prisma horretatik hizkuntza-harrera egoki batek izan beharko lituzkeen oinarriak proposatzen dira: harrera orokorrak unibertsala eta komunitarioa izan behar duela, datozen horien eta harrera-gizartearen beharrak eta eskubideak aintzat hartu behar dituela, eta euskararen ulermenari balioa eman behar diola, kohesio sozialerako oinarri gisa. Horrela, euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik joan behar direla aldarrikatzen da.