Mikel Erbiti Irisarri (Iruñea, 1995) C.A. Osasuna taldearen komunikazio departamentuan lan egiten duen kazetaria da. Nafarroako Unibertsitatean lizentziatua (2018), ikasle garaian Diario de Noticias egunkarian lan egin zuen, kirol atalean. Euskalerria Irratian ere kolaborazioak egin zituen karrera ikasten ari zen bitartean.
2018ko martxotik Osasunan lanean ari da, komunikazio departamentuan. Euskaraz eginiko lanen arduraduna izateaz gain, bestelako zereginetan ere aritzen da.
Hitzaldia: Euskararen Osasuna ehun urte eta gero
Eguna: maiatzaren 14an
Laburpena:
Duela ehun urte, Osasunaren sortzaileek euskal izena aukeratu zuten Iruñeko futbol talde nagusia bataiatzeko. Ez da hain harrigarria garai hartako giroa kontuan hartzen baldin badugu. Izan ere, urte haietan euskararen aldeko mugimenduak nahiko indar hartua zuen Nafarroako hiriburuan.
Euskal izena badu ere, Osasuna gaztelaniaz eta bakarrik gaztelaniaz aritu da orain gutxi arte. Duela bi urte, estatutuak aldatu eta, historian lehenbiziko aldiz, Lingua Navarrorum aipatu zuten. Klubeko kide batzuek eskatuta, Osasunak euskaraz ere aritzeko konpromisoa hartu zuen.
Ehun urtean erdera hutsean aritu den talde bat gauetik goizera elebidun bihurtzea ez da helburu makala. Duela bi urte, bidea urratzen hasi ginen euskarari merezi duen tokia emateko. Landutako arloen artean, honakoak aipa ditzakegu: kazetariekiko harremanak, sare sozialak, web orria, news letterrak…
Osasunak urriaren 24an ehun urte beteko ditu. Urtebetetze egunean, izena ez ezik, izana ere ahalik eta euskaldunena izatea nahi genuke.