Atzealdea Maryse Urrutyk umorez erreparatuko dio justizia linguistikoari

2026/03/18

Maryse Urruty Hegui (Martxueta, 1988) aktore eta sortzailea izango da aurtengo gonbidatua Udaltopen. Marysek Donibane Garaziko lizeoan izan zuen lehen harremana antzerkiarekin, orduan igo zen lehen aldiz oholtza batera Antton Lukuren eskutik. Eta hain justu, Tolosan (Okzitania) Zientzia Politikoak ikasten ari zela ohartu zen aktore izan nahi zuela. Parisen egin zituen ikasketak, L'École du Jeu antzerki eskolan, eta, orduz geroztik, hamaika saltsetan aritutakoa da.

Adriene Bergson-Johnsonen pertsonaia gorpuztuko du Udaltopen. Adriene Texasko enpresari bat da, eta handienekin aritu da lanean; besteak beste, Obamarekin edota Zohran Mamdani New Yorkeko alkate berriarekin. Adrienek euskal erroak zituela konturatu zenetik, euskal kultura salbatu behar zuela erabaki zuen. Orduz geroztik, klase magistralak ematen dabil han eta hemen, eta, maiatzean, Udaltopen izango da, justizia linguistikoaren inguruko bere gogoetekin.