2024/02/27
Maite Puigdevall Serralvo eta Isidor Marí Mayans soziolinguista katalanek zabalduko dute Udaletako Euskara Zerbitzuen topaketa. Gaia iragarritakoan aurreratu genuen bezala, etorri berriak euskarara erakartzeko edota euskaldunok etorri berrietara hurbiltzeko oinarri teorikoak eta praktika onak bilduko ditugu aurtengo Udaltopen.
Testuinguru horretan, Puigdevallek eta Marík Kataluniako harrera-linguistikoaren oinarriak gerturatuko dizkigute, baita Katalunian abiatu dituzten ekimenen berri eman ordubeteko hitzaldian. Maite Puigdevall Universitat Oberta de Catalunyako irakaslea da, eta bere jarduera soziolinguistika kritikoan eta hizkuntza politika eta plangintzan oinarritzen da. Isidor Marí Ibizan jaiotako soziolinguista da, egun erretiratua dagoena. Bere ibilbide profesionalean, besteak beste, Generalitateko Kultura departamentuko Hizkuntza Aholkularia izan zen, baita Universitat Oberta de Catalunyako Humanitate eta Filologia zuzendaria ere.
Maiatzaren 16an eta 17an
Gogoratu, hamaseigarren edizioa maiatzaren 16an eta 17an izango dela. Izen-ematea, berriz, martxoaren erdialdera zabalduko da.