Atzealdea Kataluniako CPNL laguntzaile taldera batu da

2025/03/12

Consorci per a la Normalització Lingüística (CPLN) erakundea Udaltop topaketaren laguntzaile izango da. Aurrez, bertako teknikariek bi edizioetan jarraitu dute jardunaldia online (2022an eta 2024an). Elkarlanak, ordea, beste urrats bat eman du eta lehenengoz laguntzaile taldera batu da; CPLNk diru ekarpena egingo du eta bertako teknikariek Udaltopen parte har dezaten sustapen lana egingo du. Trukean, izena ematen duten erakunde publikoko hizkuntza normalizazioko teknikariak gonbidatuko ditugu jardunaldia jarraitzera. Consorcia 1998az geroztik hizkuntza katalanaren ezagutza, erabilera eta hedapena areagotzeko lanean dabilen elkartea da.

CPLNrekin batera, aspaldiko bidelagunak izango ditugu 2025ean ere: EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea, eta UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Seigarren edizioaz geroztik laguntzaile izan ditugu, eta, hamar urteren bueltan, elkarlanak indarrean jarraitzen du.

EUDELek, dirulaguntza eskaintzeaz gain, jardunaldien hedapenean sustapen lana egiten laguntzen du, UEMAK bezalaxe. Udaltopetik eskerrak ematea dagokigu euskara zerbitzuen arteko esperientziak trukatzen, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzen eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzen laguntzen jarritako hondar-alearengatik.

Antolatzaile lanetan, berriz, Euskal Hirigune Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak jarraitzen dugu.

Izen-ematea, martxoko bigarren hamabostaldian

Egitaraua osatzeko azken lanak egiten gabiltza, eta, ongi-bidean, martxoko bigarren hamabostaldian zabalduko dugu izen-emate epea.