Atzealdea Justizia linguistikoaz hitz egiteko topaketa

2026/05/21

Justizia linguistikoa: diskurtsoak, praktikak eta oinarriak berdintasuna helburu izenburupean hasi da Udaltop Udaletako Euskara Teknikarien Topaketa, hemezortzigarrena.

Justizia linguistikoa izango da aurtengo jardunaldian ardatz. Bi egunetan zehar, justizia linguistikoa ikuspegi filosofiko eta politikotik lantzeko ahalegina egingo da, eta, besteak beste, hizkuntza gutxituak indarberritzeko oinarri etiko eta politikoak azalduko dira; oinarri horiek hizkuntza-politiken marko teoriko eta praktikoetara nola ekarri; araubideetan nola islatu…

Jardunaldiari hasiera emateko, erakunde antolatzaileetako ordezkari politikoek justizia linguistikoaren inguruko gogoetak utzi dizkigute. Bertan izan dira Eider Mendoza Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia; Joseba Lozano Santos, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria; Jabi Arakama Urtiaga, Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendaria; Joseba K. Pérez de Heredia Arbígano, Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Isaac Amezaga Larrazabal, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta, Estitxu Alkorta Barragan Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuko arduradun politikoa (aurrez, Agustin Valdivida Calvo Lasarte-Oriako alkateak zabaldu du jardunaldia, parte-hartzaileei ongi-etorria eginez.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu du “desoreka” bat daukagula herri honetan eta “GFAk egoera horri buelta” eman nahi diola, bi helburu lortzeko, “euskaraz hautatuak izatea eta euskaraz lan egitea”.

Bestalde, Jabi Arakama Euskarabideko zuzendariak, Nafarroako egoera ekarri du gogora: “asko hobetu dugu baina oraindik ere normalizaziotik urrun gaude, baina borondate politikoa dagoen tokian gauzak eraldatu daitezke”. J

oseba Lozanok, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko ikuspegia eman du. Bere iritziz, “justizia linguistikoak gizarte kohesionatu bat egiten laguntzen du”, baina bidean urratsak emateko daudela adierazi du, “gaur egun justizia linguistikoa ez delako nahiko genukeen bezala ematen”.

Sarrera ekitaldiaren ondotik, Vicenta Tasa Fuster (Justícia lingüística: la igualtat real de les llengües), Xabier Arzoz Santesteban (Hizkuntza-eskubideen izaera politikoa), Iñigo Urrutia eta Vicenta bera, Miren Gorrotxategi Aranguren () eta Josean Bueno Saez de Albeniz () txanda izango da.

Gure plaza, bigarren eguneko nobedadea

Egitarauak aurten badu berrikuntza nagusi bat. Izan ere, jardunaldiko bigarren egunean ez da ohiko talde-lanik egingo. Bere ordez, Gure plaza, lekukotasunak eta eztabaidak izeneko dinamika egingo da.

Justizia linguistikoarekin lotura duten lau errealitate azalduko dira, euskararen lurralde guztiak ordezkatuz (Nafarroa, Iparraldea, Araba eta Bizkaia-Gipuzkoa). Eta jarraian, eztabaida-plaza sustatuko da. Bertan, dinamika ezberdinak baliatuz, parte-hartzaileek beren iritziak plazaratzeko aukera izango dute.