Juanjo Allur Dorronsoro (Legorreta, 1971), SIADECO Ikerketa Elkarteko partaidea da eta bertako teknikari eta koordinatzaile gisa, SIADECOk azken 25 urteetan egindako ikerketa askotan zuzenean parte hartu du. Ekonomia eta Enpresa Zientzien arloko ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Ikasketak amaitu eta berehala, Goierriko enpresa batean hasi zen lanean, administrazio eta finantzen arloan. Han bi urteko ibilbidea egin ondoren, sozio-ekonomia eta bideragarritasun planei lotutako egitasmoetan parte hartzeko aukera eskaini zion SIADECOk, horrela hasi zen bertan lanean 1996an; kooperatibista egin zen handik bi urtera. Geroztik, SIADECOri guztiz lotua egon da bere ibilbide eta garapen profesionala. Sozio-ekonomia eta soziolinguistika alorreko ikerketa askoren arduraduna izan da. Arlo batean zein bestean arituz, edo bietan batera, SIADECOk eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinen koordinatzailea da gaur egun. Aritu da eta orain ere ari da, SIADECOko lantaldearekin batera, diagnostikoak egiten, lan plangintzak diseinatzen edota SIADECO bertatik sortutako egitasmoak kudeatzen. Herri erakundeekin nahiz eragile partikularrekin lan egiten du; administrazio publikoaren funtzionamendua ezagutzen du, eta aldi berean, badu enpresa pribatuetako kudeatzaile, zuzendari edota langileen begirada ere.
Gizarte ikerketan eta bereziki soziolinguistikaren arloan, elkarte aitzindaria da SIADECO, 50 urtetik gorako ibilbidea eginda. Aholkularitza enpresa gisa, beste hainbat arlo ere jorratzen ditu, hala nola, sozio-ekonomia, hirigintza, tokiko garapena, berdintasuna eta abar. Normalean euskara zerbitzuen irismenetik kanpo egon ohi diren arloetako errealitatea gertutik ezagutzeko aukera dakar horrek batetik. Bestetik, bai euskararen sustapena bai hizkuntzen kudeaketa eremu horietan integratzeko ahalegina, betidanik eta sistematikoki egin izan du SIADECOk. Ahalegin horrek, erakutsi dio SIADECOri, besteak beste, euskarak behar duen egiazko zeharlerrotasuna lortzeko, faktore asko hartu behar direla kontuan, planteamendu teorikoetatik entitateen egunerokotasunera ikaragarrizko jauzia dagoela, baina guzti hori horrela izanda ere, lor daitekeela.
- Hitzaldia: Eremu sozioekonomikoan eragiteko udal mailako plan prototipiko bat
- Eguna: maiatzaren 5ean, 10:00etatik 11:00etara.
- Laburpena: SIADECO Ikerketa Elkarteko kide gisa, Juanjo Allur Dorronsorok, eremu sozioekonomi-koan euskara sustatzeko estrategien gaineko gogoeta bat egiten du aurrena, gero, udal euskara zerbitzuek arlo honetan eragiterakoan kontuan hartu beharreko alderdiak eta lehentasun irizpideak zein izan daitezkeen proposatzera iristeko. “Udal mailako plan prototipikoa” da ponentziaren izenburua, baina txostenaren egilea erosoago sentitzen da, udal edo eskualde mailako plan bat diseinatzeko jarraibideak direla esanda.
Lau atal nagusirekin eraiki da ponentzia. Lehendabizikoan, Eusko Jaurlaritzaren eremu sozioekonomikorako plana aztertzen da, udalen tokian jartzeko ahalegin bat eginez. Jaurlaritzaren plan hori eraginkorra izateko, udalen ekarpena garrantzitsua dela azpi-marratu eta udalei dagokien tokia eta egitekoa zein den proposatzen da. Eta udalak, ez soilik udal euskara zerbitzuak, baizik eta udal bertako nahiz eskualde mailako eragile sozioekonomikoak ere; ekonomiaren adarreko eragileak izango lirateke azken horiek, eta alor sozioekonomikoan eragiteko, haiekin aliantzak egitea eta enpresetara haien eskutik joatearen garrantzia aipatzen da.
Bigarren atalean, diskurtsoak findu edota egoera bakoitzerako egokiagoak diren diskur-tsoak eraiki beharraz hitz egiten da, diskurtso berak guztientzat ez duelako balio, ez behintzat hain inportantea den eremu sozioekonomikoko eragileen artean enpatiazko jarrera bat lortzeko.
Jarraian, udal euskara zerbitzuen birmoldaketarako abagunea izan daitekeela une hau jasotzen da; hirugarren atal nagusiaren izenburua da, “udalean eta eskolekin aritzetik, gizarte talde eta eragile sozioekonomikoekin aritzera”. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzea bada une honetan euskararen erronka nagusia, eragile instituzional eta sozial guztiek ipini behar dute horretara. Bestalde, udal eskara zerbitzuen antolaketa berrikusi eta gizarte eragileekiko, esku-hartze modu zuzenagoak bilatu behar dira.
Azkenik, udal mailako plan bat diseinatzerakoan lehentasunak nola ezarri proposatzen da, irizpide argi batekin: “beharrezkoena eta aldi berean eraginkorrena denetik hasi”. Beharrezkotasuna eta eraginkortasuna, bi kontzeptu horiek aplikatuta, udal edota eskualde mailako egituretatik eremu sozioekonomikoaren euskalduntzeari nola heldu, jarraibideak eta udal mailako plan batean definitu beharreko alderdiak zein diren proposatzen da.