
2026/03/03
Josune Velez de Mendizabal Fernandez de Garaialdek (Gasteiz, 1977) egingo ditu aurten aurkezle lanak. 2023an lurralde ezberdinetako aurkezleak gonbidatzeko erabakia hartu zenetik, Nafarroako (Joseba Olagarai), Ipar Euskal Herriko (Ihintza Arrieta) eta Bizkaiko (Xabi Paya) aurkezleak izan dira Udaltopen, eta, hemezortzigarren edizioan arabar batek hartuko du lekukoa (2027an gipuzkoarra izango da).
Kazetaritza eta Magisteritza ikasketak egindakoa da Velez de Mendizabal. Gara egunkarian, Geu aldizkarian eta EITBn aritutakoa da, besteak beste. Magisteritzan, musikako espezialitatea egin zuen eta irakasle bezala aritu ondoren, antzerki mundura egin zuen jauzi.
Interpretazio-titulua lortu zuen Eszena-Arte Tailerretik eta Euskal Herriko Unibertsitatetik pasa ondoren. Orduz geroztik, ez dira gutxi antzerkian eta zineman gorpuztu dituen pertsonaiak (Harri horri har, Maria Goiricelayarekin; Dada U Lala, Les Bobé Bobérekin; Harrimena lantzeko ariketak, Kepa Errasti eta Edu Zelaietarekin; Ogiak hizketan baleki, Mamiak kolektiboarekin…).
Azken hamarkada luzean, gainera, aurkezle lanarekin uztartzen du interpretazioa. Eusko Jaurlaritzarentzat, Arabako Foru Aldundiarentzat eta Gasteizko Udalarentzat ekitaldi ugari aurkeztu ditu (Osakidetza jardunaldiak, Adimen Artifiziala Forua, San Prudentzio jaietako pregoia, Celedonen jaitsiera, Lanabes Gidaren aurkezpena …), eta bestelako ekitaldietan ere eskarmentu handia du, besteak beste, Mendifilm Festibala, Frantziako Tourreko aurkezpenak, Lazarraga Saria, … eta aurten gure artean izango dugu.