Atzealdea Joseba Ibarretxe Fernandez De Larrinoa

54 urte. Arrigorriagakoa. Zientzia Fisikoetan lizentziatua Madrilgo Universidad Complutensen. 1990ean irakasle lanetan hasi zen. Beste asko bezala, hasieran itunpeko ikastetxe batean eta gero irakaskuntza publikoan ordezkapenak egiten ibili zen, oposaketak gainditu eta behin betiko lanpostua lortu arte.

Ibilbide profesionaleko urte gehienak Arrigorriagako BH Institutuan eman ditu, 17 urte. Han apur bat denetarik egin du: Informatika, Matematika eta Teknologia irakaslea, ikastetxeko Normalizazio arduraduna, ikasketa burua…

Hezkuntza Saileko aholkularitza zerbitzuetan, hiru ikasturte eman zituen Basauri-Galdakaoko Berritzegunean, eta aurtengoa hirugarren ikasturtea Berritzegune Nagusiko hizkuntza-normalizaziorako aholkulari gisa.

  • Hitzaldia: Eskolan zer eta nola egin behar dugu hobeto? Zein dira gako nagusiak?
  • Eguna eta ordua: 2022ko maiatzaren 12an, 12:30etik 13:15era
  • Laburpena:

Azken urte hauetan euskarazko irakaskuntza (batez ere D ereduaren bidezkoa) orokortu da ia unibertsalizatu arte, eta gaur egun ia ikasle, irakasle eta ikastetxe guztiak barnebiltzen ditu. Orokortzearekin batera, ematen du emaitzak ez direla izaten ari duela hamarkada batzuk D ereduan lortzen zirenen parekoak, eta honek mahai gainean jarri du honako galdera hau: Eskolan zer eta nola egin behar dugu hobeto gure ikasleekin, euskaraz hobeto eta gehiago egin dezaten?

Gure komunikazioan aztertuko dugu azken hamarkadetan gure murgiltze eta mantentze programetan zenbait ezaugarri eta faktore eragile nola joan diren aldatzen, horrela identifikatzeko zeintzuk izan daitezkeen arrakastarako gako-faktoreak, bai ikasgela barruko irakas-praktiketan, baita eskolaz kanpoko bestelako sozializazio esparruetan ere. Gainera, gako faktore horien optimizaziorako proposamen batzuk aurkeztuko ditugu.