Jon Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1966) hiru semeren aita da, eta 80. hamarkadatik aurrera kulturgintzan jardun du; arlo desberdinetako gizarte-erakunde eta eraketetan partaide izan da gaztetatik gaur arte.
- Gaur egun Mondragon Unibersitateko Huhezi fakultatean irakasle lanetan ari da.
- Garabide Elkartean munduko hainbat herrialdetan hizkuntza-lankidetzan dihardu.
- Hainbat argitalpen egina da gai sozio-ekonomikoetan eta hizkuntzaren inguruan.
- Euskaltasunaren inguruko bere gogoetarik osatuena Hiztunpolisa liburuan argitaratu du (Pamiela, 2013).
Hitzaldia: Lan eremuko uhinaldiaz
Eguna: maiatzaren 14an, 9:35etik 10:35era.
Laburpena:
Ponentzia honek lan eremuan euskarari espazioak zabaltzeko eskala handiko uhinaldi bat hasteko oinarriak lantzen ditu. Hogei puntutan aletzen du uhinaldiaren inguruko gogoeta. Abagunearen kokapen laburra egin ondoren, uhinaldia aldezteko lau arrazoibide agertzen ditu: euskararen ibilbidearen logikari, egungo euskaldunen karakterizazioari, lan ildo honen antolagarritasunari eta belaunaldi-bisioari lotutako arrazoibideak. Arrazoibide horietan oinarrituta, prozesu zabal bati ekiteko baldintzak daudela planteatzen du.
Ondoren, etorkizun-ikuspegi edo bisio horri buruzko kontsiderazioak egiten ditu, puntu desberdinak jorratuz. Akordio politikoaz, euskalgintzako eragileen munta handiko artikulazioaz, eragileen mapa osatzeaz, udalen ekarpenaz, tokiko mugimendu euskaltzaleen paperaz, Euskararen Gizarte Erakunde multzoaren rolaz, prozesu honen beso teknikoaz, sektore publikoaren garaiaz, kontakizunaz eta antigorputzez jardun ondoren, egungo abagunearen bi angelu konbinatu beharraz oharpena eginez bukatzen du gogoeta.