Atzealdea Alaitz Elizburu Agirre

Alaitz Elizburu Agirre (Forua 1998) EuskarAbentura Elkarteko koordinatzailea da. Magisteritza ikasketak burutu ditu eta Pedagogian graduatu da. Euskararen normalizazioan ekarpen bat egiteko asmoz dihardu EuskarAbentura elkartean. Gazteen artean gure herriaren ezagupena eta gure kulturaren transmisio bultzatzea ezinbestekoa dela argi du.

  • Hitzaldia: EuskarAbentura espedizioa: gazteen hizkuntza kontzientziatik mudantzetara pausoz pauso
  • Eguna eta ordua: Maiatzak 23, 09:45-10:15
  • Laburpena:
  • EuskarAbentura gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko oinezko espedizioa da. Urtero Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15-17 urte bitarteko 125 gazte eramaten ditu euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera. Espedizioa uztailaren 1etik 31ra bitartekoa da, 28 etapaz osatua, 783 kilometro ingurukoa, horietatik 483 inguru oinez. Done Jakue bideak jarraituz, gazteek Euskal Herria zeharkatzen dute eta eduki anitzeko mintegi, tailer zein ekimenek aberasten dute abentura.
  • Espedizioa, bidenabar, ikerketa soziolinguistikoak egiteko testuingurua izan da. Izan ere, euskararen biziberritzean aisialdi gidatua giltzarri jo izan da gazteen hizkuntza ohiturak euskarara lerratzeko. Egindako lanak, lau urtez ikertu du EuskarAbenturak gazteen euskararen erabilerari eta hizkuntzarekiko atxikimenduari zein ekarpen eta nolako eraginarekin egiten duen. Hau da, Euskarabenturaren inpaktua era kualitatiboan zein kuantitatiboan neurtu nahi izan da.
  • Ikerketa honi esker, aisialdi gidatuan gazteen artean hizkuntza-mudantzak gerta daitezen behar diren baldintzak definitu eta eskaini nahi dira. Gainera, denboran zehar eta gazteen partaidetza aktiboarekin hizkuntza-mudantza prozesu horien jarraipena ere egin nahi da. Zeregin horretarako, ezinbesteko lanabesa izan da gune linguistiko zainduen teoria, baita mudantzak egiteko beharrezko baldintzak bermatzeko saiakera ere.