Atzealdea Iñaki Martinez de Luna Pérez de Arriba

Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba (Gasteiz, 1950) euskal soziologoa da. Egun, Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeko kidea eta Euskararen Biziberritzea Araban (EBA)proiektuko koordinatzailea. Soziologian doktore da Deustuko Unibertsitatean, eta, ia berrogei urtean zehar garrantzi handiko ikerketak zuzendu ditu, batetik, euskara biziberritzeko prozesuaren ezagutza zientifikoan sakontzeko eta, bestetik, euskal gizarte-errealitatea aztertzeko. Ikerketa horiek erakunde hauetan garatu ditu: Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoko Kabinetean, Euskal Herriko Unibertsitatean, Garabiden edo Soziolinguistika Klusterran. 2023an Manuel Lekuona sariaren irabazle izan zen, eta urte bat lehenago Anton Abadia saria eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak Martinez de Lunak sustatzen duen Garabide elkarteari.

  • Hitzaldia: Euskararen Biziberritzea Araban: Justizia Linguistiko beteko ariketa
  • Eguna eta ordua: Maiatzak 22, 10:00-11:00
  • Laburpena: Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) izendatutako egitasmo hau, Arabaz, Arabatik eta arabarrentzat sortua da. Araban euskara biziberritzeko ahaleginetan azken hamarkadetan egin den bidearen kontakizuna osatu eta, xede hezitzaile zein aktibatzailearekin, gizarteari eta, bereziki, belaunaldi berriei horren berri ematea da egitasmo honen helburu nagusia. Alegia, egindako bidea, egungo egoera eta bere biziraupen osasuntsurako baldintzak zein diren bildu eta gizartean zabaltzea, ezaguera horrek arabarren -batez ere, gazteen- hizkuntza horrekiko atxikimendua eta konpromisoa areagotuko dituelakoan, Araba euskaldunaren identitatea sendotu eta ahalduntzen laguntzeko. EBA Euskaltzaindiko Sustapen batzordearen proiektua da eta Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du.