Euskal filologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea) eta Lengua Castellana eta Literaturan graduatua (Burgoseko Unibertsitatea) da. Hizkuntzaren normalkuntzaren zein kulturartekotasun eta immigrazioaren inguruan formazio zabala izan du.
Hamarkada batez euskara normalkuntza teknikari lanetan ibilia da Meñakako, Zaldibarko eta Markina-Xemeingo udaletan, UEMAn eta Elhuyar Aholkularitzan. Beste 10 urtez hizkuntza irakaslea eta hezkuntza barruko hizkuntza normalkuntza arduraduna izan da Ikastolen Elkartean eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean; gaur egun, Markina-Xemeingo institutu publikoko hizkuntza irakasle plaza finkoa dauka. Era berean, 20 urte baino gehiago daramatza C2 mailako euskara irakasle eta aztertzaile. Euskal toponimian ere aritua izan da, Euskaltzaindiaren aholkulari ere Onomastika batzorderako. Toponimiaren inguruan hainbat lan eman ditu argitara.
Gaur egun, maiatza ezkero Markina-Xemeingo udaleko alkate-udalburua da; udal berean hainbat urte euskara teknikari aritu ondoren, eta agintaldi batez euskara zinegotzia izan ondoren (2015-2019). Era berean, UEMAko zuzendaritza taldeko kidea ere bada.
Euskara normalkuntza teknikari lanetan aritu zenean hainbat ikerlan, artikulu eta hitzaldi eman zituen herritar migratuen eta euskararen normalkuntzaren inguruko udal esperientziei buruz. Besteak beste:
- XXI. mendeko migrazioak Markina-Xemeinen I eta II, Garaian aldizkaria.
- Etorkinak eta euskara: erronka berri bat, Laudioko Udala.
- Etorkinak eta euskara: Markina-Xemeingo esperientzia hitzaldia, Euskaltzaindia, XIV. Jagon Jardunaldiak.
- Hitzaldia: Euskara eta kulturartekotasuna proiektua Makina-Xemeinen
- Eguna eta ordua: Maiatzak 17, 12:00-12:20
- Laburpena: Duela hiru ikasturte Zaldibiko eskolan UEMAk eta HUHEZIk abiatu genuen euskara eta kulturartekotasuna proiektuaren helburua zen, eskolan zeuden komunitate ezberdinen parte-hartzea bermatzea eskolako egunerokoan, baina eskolak euskaraz funtzionatzen jarraituz. Hala, komunitate guztien arteko adostasunean oinarrituta, diskurtsoen lanketa eta hainbat itzulpen tresnen bidez martxan jarritako egitasmoari esker bide oparoa egitea lortu dugu. Markina-Xemeinen esperientzia hori herriko ikastetxe guztietara hedatzeaz gain, herriko eguneroko funtzionamentura zabaltzen ari gara, Udala eta herriko eragileak ere, eskolekin batera, egitasmoaren lanketara gehituz.