Iñigo Urrutia Libarona (Jatabe, 1966) Zuzenbidean Lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean (1989) eta EHUn doktore (2004). Administrazio zuzenbideko irakaslea da EHUn eta Bizkaiko Campuseko Idazkaria.
Bere jakintza arlo nagusiak honakoak dira: hizkuntza eskubideak, gutxiengoen eskubideak, ingurumen zuzenbidea, bioteknologia eta mundu ekonomikoan administrazio esku-hartzeak.
Hainbat argitalpen zientifiko ditu Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko aldizkarietan. Euskararen estatus juridikoari dagokionez berriki, Xabier Irujorekin batera, «1789-2013 Historia Jurídica de la Lengua Vasca» izeneko liburua argitaratu du (IVAP, 2014), baita ere «Duplicidades, concurrencias e ineficiencias en el entramado institucional vasco» izeneko artikulua RVAPen, 99-100 zenbakian; «Freedom of Language and Language Rights: Promoting Languages as an Overriding Reason in the Public Interest» izeneko kapitulua, Language Rights and Cultural Diversity liburuan (Nevada 2014); «Derechos Fundamentales y Derechos Lingüísticos en el Ámbito de la Justicia» Poder Judicial y Modelo de Estado liburuan (Barcelona, 2013); edo «Overcoming Language Barriers or Fostering Linguistic Diversity? The Approach of the European Court of Justice on the Accommodation of the European Language Diversity in the Internal Market»Columbia Journal of European Law18(2) aldizkarian.Llengua i Dretaldizkarian Euskal Autonomi Erkidegoko hizkuntza zuzenbideko kronikaren egilea da.
Hitzaldia: Euskalgintzaren lankidetza bideratzeko formula berrien bila
Eguna: maiatzaren 16an, 12:30etik 13:00etara
Laburpena:
Lan honetan euskalgintzaren lankidetza bideratzeko formula berrien bila jarri gara. Hizkuntza gaietan (beste hainbat gizarte alorretan bezala) ekimen instituzionala eta ekimen sozialaren arteko dialektika, dialektika konplexua da. Biak norabide berean badihardute ere, funtzio, lan-mekanika eta eragiteko gaitasun ezberdin dituzte. Bakoitzaren funtzioari uko egin gabe, eta kontutan hartuz euskararen normalizazioa eraldaketa soziala dakarren prozesu konplexua dela, bien arteko uztarketak eragin oparoa ekar dezake. Bide horretatik abiatuz, araubideak aurreikusten dituen lankidetzarako aukerez eta mugez jardungo dugu.
Kontutan izanik zein den egungo egituraketa politiko administratiboa, euskalgintzaren lankidetzak lurralde artekoa behar du izan, baita mugaz gaindikoa ere. Beraz, Konstituzioak lankidetzaz xedatzen duena interpretatuz abiatuko gara. Ikusiko dugunez, Konstituzioak Erkidegoen artean izan daitezkeen lankidetza ekimenak errezeloz eta mugez josten baditu ere, Gernikako Estatutuak zein LORAFNAk are gehiago mugatzen dituzte harreman bide horiek. Puntu honetara helduta, Eusko Legebiltzarreko Autogobernua Eguneratzeko Ponentziak onartu dituen oinarrietan erreparatuko dugu, zein berrikuntza dakartzan agertzeko.
Hurrengo urratsa, hizkuntzari buruzko legerian lankidetzak jaso duen tratamendua aztertzea izango da. Hizkuntza Gutxituei buruzko Karta Europarrean mugaz gaindiko lankidetzari erreparatzen zaio bereziki. Eta ildo horretan, Iparraldea eta Hegoaldearen arteko hizkuntza lankidetza bitartekoak aztertuko dira.
Udal Legea da hizkuntza arloko lankidetzari arretarik gehien eskaintzen dion araua. Hain zuzen ere, Udal Legeak, bere 7.5 artikuluan, zera xedatzen du: “Toki-erakundeek euskararen arloan aitortuak dituzten eskumenak baliatzeko, hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte; mankomunitate, partzuergo, elkarte eta udalerriz gaindiko bestelako erakundeak sortu edo halakoetan esku hartu ahal izango dute, eta elkarlanerako beste modu batzuetara jo ahal izango dute, erakunde publiko eta pribatuekin”.
Artikulu hori irizpidetzat hartuz, lan honek euskalgintzaren lankidetza bideratzeko balizko formulak aztertuko ditu, gizarte ekimena eta ekimen instituzionala, biak, uztartzeko. Hipotesia da euskararen aldeko gizarte ekimenak interes publikoko betekizunak betetzen dituela. Ekimen instituzionalarekin uztarketarik eraginkorrena bilatze aldera formula ezberdinak aztertuko dira, baliagarri izan dadin kasuan kasu ezarri nahi den lankidetzaren helburu eta irismenari begira. Aztertuko diren aukerak honakoak dira:
a) Partzuergoa (hizkuntza normalkuntzarako).
b) Lankidetza hitzarmenak.
c) Elkarlanerako-sareak.
d) Hizkuntza gai publikoetan parte hartzeko teknikak.