Pedagogian Lizentziaduna. Eskola Orientatzaile gisa hasi nintzen lanean 1983ko urtarrilean, Nafarroan.
1989ko urtarrilean Hezkuntzako Euskara Teknikari moduan hasi nintzen, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan. Han euskarazko ikastereduen erazpenarekin eta garapenarekin, curriculumarekin, hizkuntza-proiektuarekin, hizkuntzaren didaktikarekin eta irakasleen prestakuntzarekin erlazionatutako jardueretan aritzeko aukera izan nuen.
2001eko urritik hona HN aholkulari lanetan ari naiz Irungo Berritzegunean. Bertan ikastetxearen hizkuntza normalizazioarako proiektua eta hizkuntza proiektua, hizkuntzaren curriculuma eta ikas-irakaskuntza izan dira lan eremurik ohikoenak
Azken ikasturte honetan 'Elkarhitz' eta Berbalapiko' proiektu pilotuetan parte hartzeko aukera izaten ari naiz. Eta aurrekoetan ‘Jostaketan’ eta ‘Errobi’ proiektu pilotuen diseinuan eta inplementazioan.
- Hitzaldia: Eskolan zer eta nola egin behar dugu hobeto? Zein dira gako nagusiak?
- Eguna eta ordua: 2022ko maiatzaren 12an, 12:30etik 13:15era
- Laburpena:
Azken urte hauetan euskarazko irakaskuntza (batez ere D ereduaren bidezkoa) orokortu da ia unibertsalizatu arte, eta gaur egun ia ikasle, irakasle eta ikastetxe guztiak barnebiltzen ditu. Orokortzearekin batera, ematen du emaitzak ez direla izaten ari duela hamarkada batzuk D ereduan lortzen zirenen parekoak, eta honek mahai gainean jarri du honako galdera hau: Eskolan zer eta nola egin behar dugu hobeto gure ikasleekin, euskaraz hobeto eta gehiago egin dezaten?
Gure komunikazioan aztertuko dugu azken hamarkadetan gure murgiltze eta mantentze programetan zenbait ezaugarri eta faktore eragile nola joan diren aldatzen, horrela identifikatzeko zeintzuk izan daitezkeen arrakastarako gako-faktoreak, bai ikasgela barruko irakas-praktiketan, baita eskolaz kanpoko bestelako sozializazio esparruetan ere. Gainera, gako faktore horien optimizaziorako proposamen batzuk aurkeztuko ditugu.