Atzealdea Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak itxiko dute Udaltop

2023/04/11

Bitxia izaten ari da Udaltopen eta Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren arteko harremana. 2020 urteko Udaltopi amaiera emateko tratua adostu ondoren, ditxosozko COVID-19ak eragindako pandemia iritsi zen. 2021ean egoera berean jarraitzen genuen. Iaz, Kultur Etxera itzulita, gure artean egotekoak ziren, baina azken unean birusarekin kutsatu eta ezin zuten parte hartu.

Hirugarrengoan lortuko al dugu? Erantzuna, maiatzaren 12an. Baina badaezpada ere, ez galdu Eskolak bakarrik ezin badu, zer arraio egin dezakegu?, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa ixteko eskainiko duten saioa.

Idoia eta Mirari 2018an hasi ziren binakako bakarrizketak egiten. Orduz geroztik, han eta hemen aritu dira Bakean Dagoena Bakean Utzi eta Luze Edo Motz ikuskizunekin, eta umoretik, egunerokotasuna eta genero gaiak lantzen. Otsailaz geroztik, gainera, Harpa jotzen izeneko podkast-ean entzun ditzakezue.

Izen-ematea, zabalik

Gogoratu, bestalde, izen-emate epea zabalik dagoela maiatzaren 3ra arte. Matrikulak webguneko Izen ematea atalean egin behar dira; hamalaugarren edizioa Manuel Lekuona Kultur Etxean (65 €, bazkaria eta bi egunetako hamaiketako barne) edo online jarrai daiteke (15 €).