Atzealdea Iban Arantzabal Arrieta

 Iban Arantzabal Arrieta

Iban Arantzabal Arrieta (Elgeta, 1975) euskal filologo eta kazetaria, komunikazioaren arloan kudeaketan lan egiten duena, Goiena Komunikazio Taldean edo 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen laborategian.

Magisteritza ikasi zuen lehenbizi, eta gero euskal filologia (Euskal Herriko Unibertsitatea). Ikasketak osatu zituen enpresa zientzietan (Mondragon Unibertsitatea), eta MBA masterra eskuratu Mondragon taldeko Otalora Jauregian.

Euskalgintzako eta kulturgintzako langile eta militante gisa bultzatu izan ditu Espaloia Kafe Antzokia (Elgeta), Gaztelupeko Hotsak disketxea, Ahotsak proiektua, eta Elgetako Goibeko euskaltzaleen topagunea, besteak beste.

Zuzendaritzan dago bai Euskaltzaleon Topagunean zein Tokikom enpresaren administrazio kontseiluan. Hekimenelkartearen zuzendaritzan ere egon izan da. Goiena Komunikazio Taldearen zuzendari eta aurpegi ezagunena izan da 2010eko hamarkadan (zuzendari 2012tik), eta 2018ko uztailean, handik Donostiako Tabakalerako 2deo euskarazko ikus-entzunezko laborategiko koordinatzaile izatera igaro da.

HitzaldiaKudeaketan ezkonduak eta kazetaritzan dibortziatuak

Eguna: maiatzaren 16an, 12:00etatik 12:30era.

Laburpena:

Ezkonduta? bai horixe! Formula berritzailea da eta seguruenik, kooperatiben gune garrantzitsu batean sortu izanak badu zeresanik. Goienaren jabeetako bat da udala, langileekin eta euskara elkarteekin batera. Kudeaketa gardenerako beharrezkoa izateaz gain, batera arraun egiteko ere beharrezkoa izan den ezkontza. Hala ere, ez da ezkonduak gaudela herrigintza eta erakunde publikoak beharragatik, baizik eta formula honek ematen digulako eraginkortasun onena izateko bidea. Horixe sinatu genuen ia 20 urte dela notario euskaldun baten aurrean, seguruenik Euskal Herriko bakarraren aurrean.

Eta dibortziatua? bai horixe! Ezinbestez. Politikariek badutelako politikarien fokotik begiratzeko modua eta beharra egunerokoan; eta kazetariek bai baitute kazetaritzatik begiratzekoa, alderdi politikei beste urruntasun batetik begiratuz eta testuingurua emanez.

Pozik eta haserre, biak. Gaur haserre alderdi batekoak eta hurrengoan bestekoak; pozik eta haserre ere kazetaria, gertutasunak ematen baitu audientzia gainean izatea pozerako eta haserrerako, eta bereziki informazio sinisgarria eagiteko. Hori bai, konbentzimendu osoz modu honetan osatutako eskualde enpresa batek demostratua duela eraginkortasuna.