2024/05/16
Nola erakarri etorri berriak euskarara? Eta, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara? izenburupean, hasi da Udaltopen hamaseigarren edizioa. Bi egunez, etorri berriak euskarara erakartzeko edota euskaldunok etorri berrietara hurbiltzeko oinarri teorikoak, ikerketak eta praktika onak bilduko ditugu.
Guztira, 300dik gora lagun elkartu gara. Gehienak, Manuel Lekuona Kultur Etxean; besteak, online, tartean, Consorsi per la Normalizació Lingüísticako 47 teknikari.
Topaketa euskararen lurraldeko ordezkari guztien partehartzearekin hasi da. Bertan izan dira Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritza), Jabi Arakama (Nafarroako Gobernua), Joseba Erremundeguy (Euskal Elkargoa), Eider Mendoza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Lexuri Ugarte (Arabako Foru Aldundia) eta Isaak Amezagak (Bizkaiko Foru Aldundia). Guztiek, aurten landuko den gaiaren garrantzia nabarmendu dute.
Jarraian, Isidor Marík eta Maite Puigdevallek hartu dute hitza, Kataluniako egoeraren berri emateko (horretan ari dira oraintxe). Harrera planetan, bereizi ezin diren bi alderdi kontuan hartu behar direla azpimarratzen ari dira, linguistikoa eta soziala. Eta zenbait oinarri eta esperientzia jarriko dituzte mahai gainean.
Ondoren, beste lau hitzaldi entzuteko aukera izango da: Mario Zapatarena (Gutxiagotutako komunitate etnokulturalen ikuspuntutik hausnartzen); Javi Pérez, Nora Palmitano eta Julen Arangurenena (EAE-ko tokiko harrera-politikak diseinatzeko orientabideak); Felix Mugurutza eta Aritz Lilirena (ETORPARRI, euskararen unibertsora hurbiltzeko bidea); eta, azkenik, Urko Ikardorena (Etorri berriak euskarara erakartzeko Bortzirietan zer?).