2018/03/22
Ibilian-ibilian, Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa hamargarren ediziora heldu da, eta dagoeneko zehaztu dugu hitzordua: 2018ko maiatzaren 17an eta 18an Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.
Aurreko edizioan hartutako bide beretik jarraituko dugu; gai nagusia hiztunen aktibazioa izango da. Bederatzigarren edizioan aurreratu genuen bezala, Euskarak 365 egun ekimenak 2018an emango ditu urrats nagusietako batzuk, baina 2019rako fase berri baten aurreikuspena egina da.
Jardunaldia ardatz horien inguruan antolatzea erabaki dugu, horregatik jarri diogu izenburu hau: Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak. Alde batetik, 2018an eginak diren edo egitekoak diren esperientziak ekarriko ditugu; eta beste aldetik, 2019rako fase berriaren eginkizunez eta erronkez hausnartzeko baliatu nahi dugu Udaltop.
Azken hilabete hauetan lantzen aritu garen hamargarren edizioko egitaraua apirilaren 12an aurkeztuko dugu. Izena emateko aukera egun berean zabalduko da.
Biribildu agendan datorren maiatzaren 17 eta 18ko egunak, Lasarte-Orian elkar ikusiko dugu.