Atzealdea Hamahirugarrena Pilar Kaltzadak eta Jasone Aretxabaletak gidatuko dute

2021/03/30

Pilar Kaltzadak eta Jasone Aretxabaletak egingo dituzte aurkezle lanak hamahirugarren edizioan. Udaltopek bi aurkezle izango ditu lehen aldiz: lehen egunean, maiatzaren 5ean, Jasone Aretxabaleta izango da gidaria; bigarrengoan, aldiz, Pilar Kaltzada izango da aurkezlea.

Aurtengo gaia ez zaie arrotza egingo Kaltzadari eta Aretxabaletari. Kaltzadak Ana Erostarberekin batera Linking Ideas Estrategia eta Komunikazio enpresa zuzentzen du, eta besteak beste, aholkularitza eskaintzen dute berdintasuna, enpresa-eraldaketa eta zuzendaritza-prestakuntzaren arloetan. Egungo lan-jarduna bestelako eginkizunekin uztartzen du; hala nola, Berria Taldeko administrazio-kontseiluarekin edota Euskararen Aholku Batzordekoarekin. Era berean, esperientzia handia du hizlari, aurkezle eta dinamizatzaile lanetan, ohiko kolaboratzailea da hainbat komunikabideetan eta Doce Miradas berdintasunaren aldeko kolektiboko kidea da.

Aretxabaleta Spriko komunikazio arloko teknikaria da, Euskara Planaren arduraduna eta INDEUS, Industriaren Euskal Plataformaren arduradun eta koordinatzailea. Arrate Irratian hasi zuen bere ibilbide profesionala eta handik telebistara egin zuen jauzi, Euskal Irrati Telebistara. Handik Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo saileko komunikazio arloan barneratu zen eta ordutik gaur egunera arte industriarekin lotutako jardunean aritu da Eusko Jaurlaritzan, Euskadiko Parke Teknologikoetan eta Sprin.

Izen-ematea, zabalik

Gogoratu bestalde, izen-emate epea zabalik dagoela apirilaren 23ra arte. Webgunean egin daiteke, izen-emate atalean. Matrikulazioaren prezioa 15 €koa da.