2024/06/05
Nola erakarri etorri berriak euskarara? Eta, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara? izenburupean antolatu dugun Udaltopen inguruko parte-hartzaileen balorazioa jaso dugu. Partehartzea nahiko apala izan da, 58 lagunek baino ez duzue bidali Gogobetetze inkesta, iaz baino 54 gutxiago jaso ditugu.
Emaitzak ikusita, oro har, neurriko asebetetze maila izan duzuela ondoriozta daiteke. Zer iruditu zaizkizu topaketak oro har? galderari erantzunez, 4,08 puntuko bataz bestekoa eman diozue 1-5 arteko eskalan -iazkoa, 3,94, baino zertxobait altuagoa-.
Hitzaldiez galdetuta, Eskainitako hitzaldiak egokiak izan al dira?, jasotako puntuazioa antzekoa izan da, 4,03koa. Hitzaldien artean baloratuena, berriz, Eneko Gorrirena izan da, 4,31ko notarekin.
Inkestak ere, gogoeta ezberdinak plazaratzeko aukera eman du. Guztiak webgunean zintzilikatu ditugu Dokumentuak atalean, Gogobetetze inkesta izenarekin.
Katalanak ere, gustura
Consorci per a la Normalització Lingüística (CNPL) erakunde publikoko hizkuntza normalizazioko teknikariek ere bete dute beste inkesta bat. Haien kasuan ere, gustura geratu dira entzundako hitzaldiekin -osteguneko saioa jarraitu zuten-, eta, Zer iruditu zaizkizu topaketak oro har? galderari, 4,28 puntuko bataz bestekoa eman diote. Euskal Herrian gauzatzen diren esperientziak ezagutzea interesgarria suertatu zaien galdetuta, 4,71eko puntuko bataz bestekoa eman dute. Eta, ikasitakoa Katalunian praktikan jartzeko modukoa den galdetuta, 4,9ko puntuazioa eman diote.