
2026/03/13
Udaltopeko XVIII. edizioan EUDEL (Euskadiko Udalen Elkartea), UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eta CPLN (Consorci per a la Normalització Lingüística) izango ditugu bidelagun, azken edizioan bezala.
EUDEL eta UEMArekin elkarlana aspaldikoa da; 2014 urteaz geroztik laguntzaile izan ditugu eta aurten ere ez dute hutsik egingo. EUDELek, diru-laguntza eskaintzeaz gain, jardunaldien hedapenean sustapen lana egiten laguntzen du, UEMAK bezalaxe. CPLNk, berriz, diru ekarpena egingo du eta Kataluniako hizkuntza normalizazio teknikariak jardunaldian parte har dezaten sustapen lana egingo du.
Antolatzaile lanetan, berriz, euskararen lurralde guztietako erakundeak ariko dira: Euskal Hirigune Elkargoa, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udala. Guztiek esker ona adierazi diete hiru erakunde laguntzaileei euskara zerbitzuen arteko esperientziak trukatzen, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzen eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzen laguntzen jarritako hondar-alearengatik.