2024/03/07
EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea, eta UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, bidelagun izango ditugu aurten ere. Udaltopeko seigarren edizioaz geroztik laguntzaile izan ditugu, eta, hamar urteren bueltan, elkarlanak indarrean jarraitzen du.
EUDELek, dirulaguntza eskaintzeaz gain, jardunaldien hedapenean sustapen lana egiten laguntzen du, UEMAK bezalaxe. Udaltopetik eskerrak ematea dagokigu euskara zerbitzuen arteko esperientziak trukatzen, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzen eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzen laguntzen jarritako hondar-alearengatik.
Antolatzaile lanetan, berriz, Euskal Hirigune Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak jarraitzen dugu.
Izen-ematea, datorren astean
Egitaraua osatzeko azken lanak egiten gabiltza, eta, ongi-bidean, datorren astean zabalduko dugu izen-emate epea. Apirilaren bukaerara arte izango da zabalik Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxeak maiatzaren 16an eta 17an jasoko dituen topaketak jarraitzeko.