Atzealdea Etorri berriekin lanean ari diren eragileak erakartzeko ahalegina

2024/03/05

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa bezala jaio zen, Euskal Herriko euskara zerbitzuak elkarrekin topo egin eta egunerokoan langai ditugun gaien inguruko esperientziak trukatzeko, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzeko edota esperientzia berriak elkarlanean abiatzeko.

Azkeneko edizioetan saiakera berezia egiten gabiltza beste esparruetako eragileak guregana hurbiltzeko. Euskarak eremu zabala hartzen du gure egunerokotasunean, eta, zeharka edo zuzenki, askotariko esparruak hartzen ditu. Eta esparru horietan eragiteko helburuarekin, kirol arloko, hezkuntzako edota aisialdiko eragileak izan ditugu Udaltopen.

Aurtengo edizioan etorri berriak euskarara erakartzeko edota euskaldunok etorri berrietara hurbiltzeko oinarri teorikoak eta praktika onak bilduko ditugu. Eta funtsezkoa iruditzen zaigu gizarte politiketako eragileak erakartzea, eta, urrats bat haratago emanez, elkarlanerako zubiak eraikitzea eta elkarlanak bideratzeko oinarriak ezartzea.

Zuengana jotzen dugu, euskara zerbitzuetako teknikariengana edota, oro har, Udaltopeko jarraitzaile fideletara, helburu horretan laguntza eskatzeko. Nola? Zuen udalerrietan, eskualdeetan edota inguruan dituzuen eta etorri berriekin harremana daukaten arduradun politiko, teknikari, eragile edo dena delakoari gure berri emateko eskatuz.

Izen-ematea

Martxoaren erdialdera zabalduko dugu hamaseigarren edizioan izena emateko epea, laster izango duzue horren berri. Informazio hori zabaltzea lagungarria suertatuko zaigu publiko berria erakartzeko. Bitartean, zabaltzen ditugun albisteekin joan zaitezkete beroketa-lana egiten.