2019/05/17
Amaitu dira Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak. Aurtengoan beren hamaikagarren edizioan barneratu dira eta hamaika ikusi eta ikasi dute parte hartzaileek elkarlanaren eremuan. Agurra ere berezia izan da, Pantxika Lamourrek, Zirika Zirkus taldeko pailazoak, eskainitako “elkarrekin, ulertu edo ez” emanaldiarekin. Umorea ardatz, topaketetara gerturatu diren pertsonak irribarre batekin ateratzea lortu du. Kolosala izan da.
210 partaide inguru, hamaika hitzaldi, talde lanaren bitartez eraiki den berrikuntza sozialerako plataforma bat, Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategiaren aurkezpena, testigantzak eta amaiera ekitaldia berezia izan dira hamaikagarren edizio honetako oinarriak. Aurtengoan, ordea, Antolamendu Batzorde berria bilakatu da edizio honen zutarri nagusi Euskal Hirigune Elkargoak, Nafarroako Gobernuak, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osatua.
Bi egunez, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean elkartu diren Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiako, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbait esparruetako langileak elkarlan ereduak eta Gobernantza eredu berriak aztertu dituzte eta Euskaraldiak ere izan du bere protagonismoa. Hitzaldi guztien artean ondorio nagusi bat azpimarratu dute, “eredu berrien beharra”.
“Ez badugu ulertzen euskararen presentzia eta garrantzia ezinbestekoa dela benetako lehiakortasun sistema ekonomiko eta soziala eraikitzeko, nire ustez, ez dugu lortuko euskarari ematea esparru zentral bat”, nabarmendu du Gorka Espiauk, Agirre Lehendakaria Center-eko kideak. Gogoeta eginez, orain, bertan ikasitakoa praktikan jartzea izango da hurrengo urratsa.