Atzealdea Eneko Irastorza Escudero

Eneko Irastorza Escudero Kukulaisi Aisialdirako Topagunearen barruan dagoen Kirol(h)ariak lan-lerroaren arduraduna da, eta, Entrenatzen egitasmoaren koordinatzailea.

Jarduera Fisikoa eta Kirol-Animazioa ikasketak egin ditu eta, besteak beste, ikastetxe eta egitasmo ezberdinetan aritu da entrenatzaile, sorosle, hezitzaile edo kirol teknikari gisa lanean.

  • Hitzaldia: Kirol komunitatea euskararen babesgune
  • Eguna eta ordua: Maiatzak 23, 13:20-13:40
  • Laburpena:
  • Kirol-esparruan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa da Entrenatzen. Horretarako, egitasmoaren funtsa gazteen ahozkotasuna hobetzeko elkarrizketak egitea da; hau da, partidu ostean entrenatzaileek haur edo gazteak elkarrizketatzea, eta gurasoak izatea grabatzen dutenak. Amu horrekin, kirol-komunitateak lanketa bat egitera bultzatzen ditu proiektuak: gurasoekin eta zuzendaritza talde zein guraso elkarteekin sentsibilizazio-saioak egiten dira, entrenatzaileekin formazioak eta haur zein gazteekin lanketak. Hauek dira proiektuaren helburuak:
  1. Haur eta gazteen hizkuntzarekiko erabilera areagotzea. Horrela ahozkotasuna hobetzen lagunduz, hizkuntza-gaitasunak praktikan jarriz esperientzia erreal baten aurrean.
  2. Zuzendaritza, guraso elkarte, entrenatzaile eta gurasoak sentsibilizatzea, hortik abiatuta ohituretan eragiteko.
  3. Kirol guneetan euskararen erabilera hauspotzeko bidea egitea eta kirol-guneak euskararen babesgune bilakatzeko pausuak ematen hastea.
  4. Haurren motibazioa erabiltzea hizkuntza txertatzeko amu gisa.