2019/04/24
Berrikuntza sozialerako plataforma bat diseinatzen saiatuko gara aurtengo Udaltopen bigarren eguneko lantaldeetan. Ohikoa denez, ariketa kolektiboa ostiralean egingo dugu, 11:15-12:45 bitarte. Talde lanaren dinamizazio eginkizunak antolatzea Emun Aholkularitza etxearen ardura izango da.
Berrikuntza sozialerako plataforma bat zer da? Funtsean, eragile publikoen eta ekintzaile sozialen arteko lankidetza esparru antolatu bat. Oinarri metodologiko jakin batzuetatik abiatzen dira: entzutearen garrantzia, komunitatearen parte hartzea, proiektu bakartuetatik plataformarako jauzia, nor bere kabuz aritu beharrean era askotako egitasmoak konektatuz.
Gaia gurera ekarrita, Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera… Ados? testuinguruan, Euskaraldiaren antolamenduan herriz herri sortu diren eredu mistoei begira jartzeko ariketa izango da. Ahal dugun neurrian, lantaldeen saioa amaitu nahi genuke eskuartean berrikuntza sozialerako plataforma lokal bat antolatzeko oinarrizko diseinu batekin.