Atzealdea Aritz Bereziartua Arruabarrena

Hezkuntza, gizartea eraldatzeko dagoen tresnarik garrantzitsuena dela sinisten duen pertsona da. Ikasgelatik nahiz aisia esparrutik, ekintza ludikoak baliatuz euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua pizteko pasioz lan egiten duena.

Azken urteetan lan egin du: irakasle, formatzaile, baliabide pedagogikoen sortzaile edo ikerlari gisa; eta horretan dabil gaur egun ere Ikastolen Elkartean.

Bere burua honako bost bereizgarri hauekin ezaugarritzen ditu: jakin-minez beti ikasteko gogoa duen pertsona, asertiboa, konprometitua, arduratsua eta lasaitasuna transmititzen duena.

2012az geroztik Euskal Herriko Ikastolak elkartean dabil lanean:

  • Lehen hezkuntzan, gorputz hezkuntza arloko arduradun lanak egiten ditu; bai baliabide-pedagogikoen sorkuntzan eta bai irakasleen formakuntzan.
  • Seaskako ikastoletan irakaslea gorputz hezkuntza arloan.
  • Zirimola Ikastolen Aisialdi taldeko teknikaria.

Horrez gain honako lan hauek egiten ditu:

  • “Arikala” ikerketa-taldean ikerlari lanak. Euskaltzandia eta HUHEZIrekin elkarlanean abiatutako ekintza-ikerketa. Hezkuntza formalean euskararen hizkera informala landu eta erabileran eragin daitekeen ikertzeko egitasmoa.
  • “Gure jolastegia” ikastolako kanpo-espazioak eraldatzeko prozesu parte-hartzailearen diseinatzailea, aholkularia eta dinamizatzailea.
  • “Kanpoko Tenoreak Kudeatzen” ikerketa-taldean ikerlari lanak. Seaskako Olhain, Zaldubi eta Kaskarotenea ikastoletan abiatutako ekintza-ikerketa. Ikastolako aisia esparruko une eta gune ezberdinetan elkarbizitzan eta euskararen erabileran eragin daitekeen ikertzeko egitasmoa.

Udaltop 2023:

  • Hitzaldia: Haurrak euskaraz loratzen lagundu
  • Eguna eta ordua: 2023ko maiatzaren 12an, 12:45tik 13:05era
  • Laburpena: Hainbat urteetako esperientziak, hausnarketak eta kezkak eraman gintuen 2018an gaur egun mugarritzat har genezakeen egitasmoa garatzera: Haurrak Euskaraz Loratzen Lagundu. Seaskako hezkuntza-taldeko kideekin batera egindako ibilbide honetan, hezkuntza zein hizkuntza helburuak erdiesteko, aisia-esparrua gela barruko jardunaren parean ezarri behar dela ondorioztatu genuen. Lehen egitasmo honetan ereindako haziak, ekarri zuen ikastolen hezkuntza marko orokorraren baitan aisia-esparruko marko pedagogiko orokorra eraikitzea. Gaur egun Zirimola Ikastolen Aisialdi Taldeko Bizijolas egitasmoak bideratzen dituen esku-hartze guztiak oinarri honen baitan egituratzen dira: Seaskako ikastolen arteko jolas/joko topaketak, “Gure jolastegia”, “Kanpoko Tenoreak Kudeatzen”…