
2025/05/22
Nahi izatetik ahaldun izatera. Zer eta nola egin dezakegu udalerrian hiztunak ahalduntze? galderari erantzunak emateko ariketa interesgarria entzun ditugu Udaltopen lehenengo egunean.
Horixe izan da lehenengo eguneko hizlarien erronka nagusia. Ñabardurekin, eta, bakoitza bere terrenotik, baina horretan aritu dira Marina Massaguer, hizkuntza politikek herritarrak ahaldundu eta euskararen erabilera sustatzeko duten garrantzia nabarmenduz; Idurre Eskisabel, feminismoak hizkuntz auzian ahalduntze bide bat egiteko tresna gisa baliagarria izan litekeela adieraziz; Iñaki Martinez de Luna, eduki linguistiko zein soziolinguistikoen transmisio egokia eta osoa egitea beharrezkoa dela mahai gainean jarriz; Rosa Ramos eta Mikel Gartziarena, Irakaslegaien Ohartze eta Ahalduntze Soziolinguistikorako proiektuaren berri emanez; Iñaki Sagardoi, Iruinkokoak gazteen hausnarketarako, ahalduntzerako, agentziarako, trangresiorako… duen eragina azpimarratuz; eta, Taupa Mugimenduko Onintza Olaizola eta Irati Agorria, Batera Jauzi izeneko dinamika berria Udaltopera ekarriz.
Aurrez, Udaltop antolatzen duten zazpi erakundeetako ordezkariek, ahalduntze linguistikoaren baitan ematen ari diren urratsak kontatu dituzte. Eta, ponentziak bukatu eta bazkalostean, berriki erretiroa hartu duten euskara teknikariek egindako lana aitortu da; gehiago izan badira erretiroa hartu duten teknikariak, ekitaldian Jokin Larrañagak (Arabako Foru Aldundia), Bittor Zarrabeitiak (Gernika-Lumoko udala), Karlos Gorrindok (Gernika-Lumoko udala), Estepan Plazaolak (Bergarako udala) eta Arantxa Zabalak (Errenteriako udala) egindako lana aitortu da.
Arduradun politikoen ahalduntzea
Bihar, jardunaldia Jon Sarasuari grabatutako elkarrizketa batekin hasiko da. Euskararen etorkizun-ikuspegia eta arduradun politikoen ahalduntzea izango du hizpide Euskaltzaindiak sustatzen duen Gogoetagunearen koordinatzaileak. Jarraian, Xabi Paya aurkezleak Markel Olano (EAJ) eta Josu Aztiria elkarrizketatuko ditu, eta arduradun politikoen ahalduntze linguistikoaz ariko dira.
Jarraian, beste lau hitzaldi, talde-lana, bideo testigantzak eta umorezko saioa jasotzen ditu egitarauak.