
2021/05/05
Hasi dira Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak. XIII. edizioa izango da aurtengoa. Asteazkenean eta ostegunean, aurreko edizioari jarraipena emanez, eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko gakoak ematen ari dira, hain zuzen, udaletatik zer eta nola egin daitekeen aztertzen ari dira. Bigarren urtez jarraian online izango da, eta berrikuntza bezala, talde-lana zoom plataforma bidez egingo da.
Egitarauak bi goiz hartuko ditu. Gai nagusiari dagokionez, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak emateko ahalegina egingo da. Horretarako, bederatzi hitzaldi eta talde-lana biltzen dituen egitaraua osatu da. Udaltopek bi aurkezle izango ditu lehen aldiz: lehen egunean, Jasone Aretxabaleta izango da gidaria; bigarrengoan, aldiz, Pilar Kaltzada izango da aurkezlea.
Hitzaldiak eta talde-lana
Gaur bost hitzaldiz osatutako egitaraua pantailaratuko da. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek zabalduko du aurtengo jardunaldia: Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023 ponentziarekin.
Plana aurkeztuta, udaletara begira jarri eta plana aplikatzeko jarraibideak ematen ari dira. Ikuspegia zabaldu eta helduleku ezberdinetatik erreparatuko zaio: Siadecok, plana udalerrietan nola aplika daitekeen azalduko du Juanjo Allurren eskutik: eremu sozioekonomikoan eragiteko udal mailako plan prototipiko bat. Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleak, udalek plana garatzeko dituzten tresna juridikoen inguruko gogoeta egingo du: Udalak berak, agente sozioekonomiko moduan, eragiteko dituen tresna juridikoak. Emakundek, bere kontratuetan ezartzen dituen klausula sozialei jarraipena nola egiten dion argituko du Ander Bergararen eskutik, Kontratu publikoetan genero ikuspegia txertatzeko erakundeen arteko estrategia EAEn: euskararen erabileraren normalizaziorako ikasbideak bilatzen solasaldiarekin, euskara lehenesteko klausulen jarraipena egiteko baliagarria izango delakoan. Eta azkenik, Garapen Agentziek esparru sozioekonomikoan esku-hartzeko dituzten tresnen berri emango dute: Eta udalak elkartzen direnean, nola eragin daiteke garapen agentzietatik?
Bigarren eguna lau hitzaldik eta talde-lanak osatuko dute. Aurkezle lanetan, berriz, Pilar Kaltzada izango da. Eguna zabaltzeko, Joan Pujolar Kataluniako Unibertsitate Publikoko irakasleak bizitzan zehar ezaugarri linguistikoetan izaten diren aldaketen azterketa aurkeztuko du: Langunea, hizkuntza mudatzeko abagunea: “mudes lingüístiques”. Haren ikerketaren arabera, Katalunian langunea da hizkuntza aldatzeko, mudatzeko, abagune garrantzitsuetako bat.
Hari horri jarraituz, jarraian, gertukoagoak ditugun abaguneen berri emango da praktika onen bidez: Lanbide Heziketako lantokiko prestakuntza eta duala; lantokietako harrera protokoloak eta Euskaraldiak sortutako ariguneak.