Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Udaltopen, udaletako hizkuntza araubidea hizpide

Zelai Nikolas, Iñigo Urrutia eta Begoña Garmendia aritu dira goizeko saioan

2015·04·20


Nola bete hizkuntza legea, lege hizkuntza galdu gabe? Horra jorratzen ari diren gaia. Goizeko saioan, Zelai Nikolas Eusko Jaurlaritzako legelariak EAEko Udal legeak udaleko hizkuntza-politika zertan hobe dezakeen azaldu du.

 

Hasi da Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren zazpigarren edizioa. Bi egunez, zenbait adituk hizkuntza legea izango du hizpide Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen duten jardunaldian.

 

Bere ustez, "Udal legeak eredu propio berria landu nahi du, euskara zeharkakotasun printzipio gisa jaso nahi duena". Legeak onurak ekarriko dituela adierazi badu ere, "batez ere euskara  berezko hizkuntza dela aitortzen delako",  zalantzak sortzen dizkiola aitortu du eta bere saio "proiektuak euskaraz normal aritzeko eta lehentasunezko erabilerak orekatzeko mugak" dauzkala ohartaraziz amaitu du.

 

Hari berari tiraka, Iñigo Urrutiak Udal Legea hobetzeko pistak eman ditu. Bere iritziz, euskaraz jardungo duten eremuak bermatu behar dira hizkuntza eskubideei kalterik egin gabe. Neurri asimetrikoa posible ikusten ditu, hau da, "udalaren hizkuntza bidea batetik joatea eta kanpora begira beste modu batean aritzea". Azpimarratuz, hori bai, udal bakoitzak erabaki dezakeela ze hizkuntza erabili barnean".

 

Azkenik, Begoña Garmendia Azkoitiko Udaleko idazkariak bere lan-jardunean izan dituen bizipenak azaldu ditu. Ausart aritu da, konkrezio handiz. Bere aburuz, "ausardia beharrezkoa da aurrera joan nahi badugu". Arazoak aipatu ditu, batez ere epaitegietakoa. "EAEko auzitegi nagusira dena itzulita bidali behar da. Hori konpondu beharra dago eta administrazioek badute zeresana".

 

Aurrez, partehartzaileei harrera egin diete Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Pablo Barrio Lasarte-Oriako Udaleko alkateak, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak eta Malen Belaustegi EUMAko lehendakariak.