Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Udaltopek EAEko Udal Legeari ekarpena egin nahi izan dio

2015·04·30


Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxeak Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren zazpigarren edizioa hartu du. Bi egunez zenbait adituk hizkuntza legea izan dute hizpide Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen duten jardunaldian.

Nola bete hizkuntza legea, lege hizkuntza galdu gabe? Gai horren inguruan aritu dira 160 bat lagun, udalen lege-proiektua Eusko Legebiltzarrean eztabaidan dagoen une berean. Aurtengoan, Udaltopen xedea izan da lege-proiektuaren zer-nolakoak ulertzeko argibideak ematea; euskarak dituen beste administrazio esparruen araudiaren eta praktikaren aldeak aztertzea, edo-eta administrazioaren jardunbide berrien aukerak eta arriskuak mahai gainean jartzea.

Haratago joan da aurtengo Topaketa. Sustrai Colinak bi egunetan jasotako mezu eta ideia nabarmenenak bildu ditu jardunaldien ondorio gisa. Erredaktore lanak egin ditu, "ideia kontrabandistarena", berak azaldu duen bezala. Oinarria jarri dio  Udal Legearen proiektuari ekarpena egiteko, horixe baita aurtengo Topaketaren beste helburuetako bat.

Aurrez, bederatzi hitzaldi eta talde lana izan dira. Hitzaldietan oinarri teorikoak eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetako errealitateak tartekatuko dira. Manuel Lekuona Kultur Etxetik udaletako hizkuntza-legea gertutik ezagutzen duten solaskideak pasa dira: Eusko Jaurlaritzako legelaria den Zelai Nikolasek Udal Legeak udaletako hizkuntza politika zertan hobe dezakeen azaldu du; EHUko zuzenbide irakasle Iñigo Urrutiak Udal Legea hobetzeko proposamenak jarri ditu mahai gainean, eta Iñigo Lamarka Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelariak, euskararen legea aldatzeko aukeraz aritu da.

Euskararen lurraldeetako beste errealitateak ezagutzeko aukera izan da, bestetik. Laura Perez Nafarroa Aldatu Ahal Dugu alderdiko idazkari orokorra, Ione Josié Errobi Herri Elkargoko euskara teknikaria, Begoña Garmendia Azkoitiko Udaleko idazkaria edota Aramaioko euskara departamentuko arduradunak izan dira hizlarien artean.

Ponentziak, webgunean

Amaitu berri den jardunaldiko ponentzia gehienak udaltop.eus webgunean jaso dira, eta eskuragarri daude. Bi asteko epean, bideoak zintzilikatuko dira.