Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Orain arteko esperientziak eta etorkizuneko erronkak

2017·04·26


Bigarren urtez jarraian, mahai inguruaren formatuak ostegun arratsaldeko bazkalostea girotuko du Goiegi jatetxean. Bi mahai inguru antolatu dira, eta bietan, hizkuntza ohiturak aldatzeko bideak izango dituzte hizpide, orain arte egin diren esperientziez hitz egiteko, eta etorkizunean zein esparrutan aplika daitezkeen hausnartzeko.

Euskaldunak aktibatzeko esperientzien jarraipena nola egin? (A mahai ingurua) izenekoa Onintza Irureta Argiako kazetariak gidatuko du. Mahaiaren bueltan euskaldunak aktibatzeko esperientziak gauzatu diren Egian euskaraz bizi nahi dugulako (Donostia), Aste BatZUK euskararen eroaleak (Errenteria) eta Baietz365! (Arrigorriaga) ekimenetako antolatzaileak izango dira:

  • Aitziber Gurutzeaga, Egia euskaraz
  • Aitzol Perez de San Roman, Lau Haizetara (Errenteria)
  • Karmelo Ayesta, Abarrak Euskara Elkartea (Arrigorriaga)

Bigarren mahai inguruan (B) esperientzia horiek zein beste esparruetan aplika daitezkeen hausnartuko dute Berriako Garikoitz Goikoetxea kazetariak gidatuko duen mahai inguruan. Esparru ezberdinetan aritzen diren lau gonbidatu izango ditugu, eta Euskaldunak aktibatzeko esperientziak zein beste esparrutan aplika daitezke? galderari erantzungo diote.

  • Arrate Illaro (Topagunea)
  • Asier Arroita (AEK)
  • Elias Zumalde (EMUN)
  • Idoia Trenor (Donostiako Piratak)