Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Mario Zubiaga Garate

Mario Zubiaga Garate

Mario Zubiaga (Tolosa, 1963). Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia politikoetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean. 

UPV-EHUko Politika eta Administrazio Zientzien Saileko irakasle titularra naiz, Leioako kanpusean. Azken urteotan graduko bi irakasgaien arduradun izan naiz: “Teoria politikoa”, eta “elkarreragin arautu gabea eta liskartsua Euskal Herrian”. Bigarren honetan, erakundeen eta gizarte mugimenduen arteko harremanen analisia burutzen dugu, gobernantza eredu berrien azterketa erdigunean jarriz. Gradu ondoko ikastaro eta master anitzetan hartu izan dut parte, irakasle gisa eta kudeatzaile edo zuzendaritzako taldekide gisa: “Euskal Kulturgintzaren transmisioa” (HUHEZI), “Euskal Nazionalismoa XXI. mendean” (EHU),“ Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendean” (UEU)… Une honetan hiru masterretan hartzen dut parte: “Gobernantza eta ikasketa politikoak” (EHU), “Partaidetza eta Komunitate-Garapena, Partehartuz” (EHU) eta, azkenik, “Subiranotasuna Europako Herrietan”, aurten abiatuko den master berrian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako ikerketa talde baten zuzendaria izan naiz, eta bi urteetan zehar (2015-2016) lurralde estrategiaren kudeaketa partehartzailea aztertu dugu. Azken hiru urteotan, Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko Kongresuan (2018) “gobernantza demokratikoa” atalaren zuzendari zientifikoa izan naiz eta prozesu horretatik eratorritako Liburu Zuriaren egitasmoan lan egin dut.

Euskal gatazka politikoa, herrigintza, estatugintza eta naziogintza prozesuak izan ditut ikergai nagusiak, eta eremu horretan zenbait lan argitaratu dut, besteak beste, honako hauek:

  • Zubiaga, M. (2018): Sovereignty and contention: the evolution of Basque nationalism in Spain. In "Spain. Sovereignty Revisited: the Basque case" Routledge. New York
  • Martinez Riera, M. y Zubiaga, M. (2014): Nación y construcción estatal como acción colectiva. Un análisis comparativo de los mecanismos y procesos en Cataluña y el País Vasco. Anuari del Conflicte Social. Universitat de Barcelona
  • Eta Zubiaga, M. (2012): “Poder como hegemonía: contingencia y articulación”. Política Integral. Iruñea: Pamiela.

Hitzaldia: Nola autogobernatu hobeto (herriko hizkuntza) komunitatea

Eguna: maiatzaren 16an, 9:30etik 10:30era

Laburpena:

Autogobernua hobetzea ez da kontu samurra des-demokratizazio globalaren garaian. Herrien eta herritarren erabakimena mugatzen ari da arlo guztietan. Politika publikoak erabakitzeko eta aurrera ateratzeko ezina nagusitu da erakunde ordezkatzaile gehienetan. Finean, gure burua gobernatzeko trabak gero eta handiagoak dira eta “gobernantza” klasikotik datozen proposamenak ez dira nahikoak joera kezkagarri horri aurre egiteko: erakundearen desagerpena merkatuaren mesedetan edota herritarren eta eragileen parte hartze mugatua proposatzen duten ereduek ez dute demokratizazioan lagunduko. Eta datuen teknologia berrietan oinarritzen diren eredu berriak are kezkagarriagoak dira, datuen kontrol algoritmiko ilunak demokraziaren muina higatzen baitu. Paradoxikoki, teknologiatik dator gobernantza demokratikoa garatzeko proposamen berritzaileena. Datuen kudeaketa deszentralizatuak, blockchain teknologiak erakusten digu zein den boterea partekatzeko bidea, datuen monopolioa apurtuz.

Dena den, gobernantza demokratikoak eskatzen duen konfiantza ez du algoritmo batek ziurtatuko: lurraldean errotutako komunitateak baizik, balio eta mundu ikuskera komuna partekatzen duen lurralde-komunitateak. Horixe da, hizpide dugun eredua, ez edozein “gobernantza” mota: Lurralde Gobernantza demokratikoa (LGD) deitu duguna baizik. Boterearen logika horizontal benetakoari bide ematen dion eredua, ez sakoneko hierarkiak estaltzen saiatzen den mozorroa.

Euskararen hizkuntz-komunitateak partekatzen duen balio-sistemak ahalbidetu du arlo honen gobernantzan lortu den arrakasta. Garai bateko gatazkaren logika gaindituta dago neurri batean, eta ondorioz elkarlanerako lankidetza-tresnak abian jartzea asko erraztu da. Botere konstelazio konplexuak ordezkatu du gobernantza sistemiko arrunta, erakundea panoptikoaren erdigunean jarri ohi duena. Lankidetza sistema hau eredu gisa erabili al daiteke hizkuntz komunitatetik harago?

Halaxe da. Parentesi arteko arrakasta hori parentesirik gabeko esaldira eramatea ba ote dagoen asmatzea da orain kontua. Lurralde gobernantza demokratikoaren logika beste eremuetan garatzea posible al da? Herrigintza oro hartzailea –demokratizazioa–, sendotzeko, beste zenbait arlotan (agian) partekatzen ditugun balioen araberako politika publikoak egitea, bideragarria al da? Euskal autogobernuaren hobekuntza kooperatibo hori, lankidetzan oinarritutako “botere konstelazioak” hezkuntzan, kulturan, arlo ekonomikoan, lurralde antolaketan, ekoizpen ereduan edo energiaren sorkuntzan… aplikagarriak izan daitezen, lehen urratsa oinarri partekatuak adostea izan beharko litzateke, euskalgintzak egin bezala. Hortxe dago parentesi artekoaren adibidearen garrantzia, eta baita ere parentesi artean dagoenaz harago joan beharraren arrazoia… Elkarlanak ezin du, dena den, gatazkaren eragin demokratizatzailea kamustu, horixe baita eskubideen eremua zabaltzeko bide bakarra.

Eusko Ikaskuntzak azken bi urteotan abian jarri duen prozesuak –euskal lurraldeen liburu berde eta zurian gauzatu denak–, erronka honi heldu nahi dio: euskal lurraldeetako herritarrak, eragileak, adituak eta erakundeak elkartuz, arlo desberdinetan egin beharreko diagnostikoa eta prospektiba elkarrekin burutu ahal izateko. Lurraldezko Gobernantza Demokratikoak gurean dituen lehentasunak zehaztu ditu berriki argitaratutako Liburu Zurian eta erakundeak ildo horretatik jarraitzeko konpromiso argia adierazi du, mendeurreneko Kongresuaren amaierako ekitaldian aurkeztu zen Oñatiko adierazpenean. Globalizazioaren garai nahasietan gure herriak demokratizazioaren bidea gal ez dezan. Herritartasun zabala eta berdina, erabakimen sendoa eta eskubideen babes irmoa izan daitezen etorkizunean ere gure herriaren itsasargiak.