Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Izen ematea itxi da

2017·04·29


Apirilak 28 bete dituen honetan, Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen IX. Topaketan izen emateko epea itxi da dagoeneko, gehienezko partaide kopurura iritsi baita.

Antolamendu Batzordeak, ordea, Udaltopen parte hartzeko beste aukera zabalduko du asteartetik aurrera. Hain zuzen, soilik ostiraleko hitzaldiak jarraitzekoa. Horretarako argibideak asteartean bertan emango dira webgune eta sare sozial bidez.

Inoizko parte hartze handiena

Datorren maiatzaren 11n eta 12an, Manuel Lekuona Kultur Etxea jardunaldiek izan duten parte hartzaile kopuru handienaren lekuko izango da. Aurtengoan marka guztiak hautsiz 220 partaidetik gora bilduko dira hizlari, euskara teknikari, arduradun politiko, irakasle eta beste hainbat esparruetako langileen artean.

Bi egunez, hizkuntza-ohiturak aldatzeko esperientziak eta ikerketak izango dira hizpide, Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntzen ohituren aldaketa izenburupean.

Beste urtebetez antolamendu batzordeak egitarau oparoa osatu du aurtengo ediziorako: bost hitzaldi, bi mahai inguru eta proposamen berri baten aurkezpenarekin. Aurreikuspenek edizio ahaztezina iragartzen dute.