Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Hasi dira Udaltop 2016 jardunaldiak

2015·04·21


Abian dira Udaltop jardunaldiak, Udaletako Euskara Zerbitzuen arteko topaketak, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Kirola D ereduan, noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko lelopean eman zaie hasiera. Bi egunez gazteak, kirola eta euskara uztartuko dituzte bertan.

Jesus Zaballosek, Lasarte-Oriako alkateak, Jon Antxordokik, Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikariak, Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta Patxi Baztarrikak, Eusko Jaularitzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, abiatu dute edizio berri hau, Ibon Gaztañazpiren gidaritzapean. Zeballosek ireki du Udaltop 2016 eta, Antxordoki izan da lehena hitza hartzen; gazteak, kirola eta euskara lotzeak duen garrantzia azpimarratuz.

“Aisialdiaren barruan kirola da nagusi; euskara kirolaren hizkuntza izatea oso handia da”, adierazi du Baztarrikak. “Herritarra non euskarak han egon behar du. Aurrera begira arlo honetan jauzi garrantzitsu bat eman beharra dago. Zentzu horretan handia da hizkuntza teknikariez haratago, kirol teknikari eta beste arloetako teknikariak euskararen sustapenean jardutea, jardunaldietan ikusi ahal izango den moduan”, gehitu du.

“Eskolak garrantzi asko du belaunaldi berrien euskalduntzean. Euskararen berdintasunak urratsak eman ditu baina gehiago eman behar ditu gaitasun eta erregistroaren ikuspegitik”, azaldu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.