Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Eremu soziekonomikoari leiho bat zabalduta, abian da Udaltop online

2020·05·14


Udaltop etxetik: ireki leiho bat lan munduari izenburupean, eremu sozioekonomikoari leiho bat zabaldu dio aurten Udaltopek. Egitarau erakargarria osatu da; bi hitzaldi, mahai-inguru bat eta testigantza laburrak. Izena eman duten 450 pertsonak bakoitza bere etxetik gozatzen ari da hamabigarren edizio honetaz.

Hitzaldiak

Jon Sarasuak zabaldu du jardunaldia, “Lan eremuko uhinaldiaz” hitzaldiarekin. Atxabaltarrak lan eremuan euskarari espazioak zabaltzeko eskala handiko uhinaldi bat hasteko oinarriak landu ditu. Hogei puntutan aletu du uhinaldiaren inguruko gogoeta. Abagunearen kokapen laburra egin ondoren, uhinaldia aldezteko lau arrazoibide agertu ditu: esukararen ibilbidearen logikari, egungo euskaldunen karakterizazioari, lan ildo honen antolagarritasunari eta belaunaldi-bisioari lotutako arrazoibideak. Arrazoibide horietan oinarrituta, prozesu zabal bati ekiteko baldintzak planteatu ditu. Amaitzeko, etorkizun ikuspegi horri buruzko kontsiderazioak egin ditu.

 

Jarraian, Leire Canciok, Agirre Lehendakaria Centerreko tranferentzia eta ezagutza kudeatzeko arduradunak, hartu du hitza; “Lan eremuko uhinaldiari berrikuntza sozialetik so” ponentziarekin. Sarasuaren hitzaldiaren gainen Agirre Lehendakaria Centerrek egindako ekarpenak eman ditu argitara, berrikuntza sozialaren marko teoriko eta praktikoaren ikuspegitik.

Mahai ingurua

Orain, atsedenaldia hartuta, mahai ingurua eta testigantza laburrez gozatzeko aukera izango da. Pilar Kaltzadak gidatuko du mahai ingurua eta mahaiaren bueltan Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua, Leire Okarantza, Fagor Kooperatibako Gestio Sozialeko ordezkaria, eta Kike Amonarriz, Topaguneko presidentea, elkartu dira. Besteak beste, hiru gai hauek jorratzen ari dira: Jon Sarasuaren gogoeta; testuinguru ekonomiko berrian euskarak presentzia gehiago izateko gakoak; eta amaitzeko, jardunaldia etxeko leihotik jarraitzen ari diren ikus-entzuleek egindako galderak erantzungo dituzte -aukera ezberdinak zabaldu dira galderak egiteko: WhatsApp-a, twiterra eta posta elektronikoa-.

Testigantza laburrak

Jardunaldia amaitzeko, krisi egoeran euskara tresna gisa erabilita jarduera arrakastatsuak gauzatzen ari diren enpresen esperientzia laburrak ezagutzeko aukera izango da, testigantza moduan: Alea proiektuko Aritz Martinez de Lunaren, Maier S. Kooperatibako Kemen Goitiandiaren eta Agour gaztandegiko Peio Etxelekuren ahotik.

Gogorarazi, datorren astean zintzilikatuko direla webgunean Udaltop jardunaldietako ponentzien bideoak.