Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Dena prest Udaltop jardunaldiei hasiera emateko

2017·05·10


Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketei, bihar emango zaie hasiera Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Jardunaldiak Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatzen dute Arabako Foru Aldundiaren, Euskal Hirigune Elkargoaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, EUDELen, Nafarroako Gobernuaren eta UEMAren laguntzarekin.

Hizkuntza ohituren gaia aukeratu du Udaltopek bederatzigarren ediziorako. Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza ohituren aldaketa? izenburupean, bi egunez, han eta hemen egin diren, egiten ari diren eta egin nahi diren esperientzia berriak izango dira hari mutur nagusiak. Eta esperientziekin batera, orain arte egin diren ikerketen berri ematea da Lasarte-Oriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren asmoa.

Zer dira ohiturak? Eta hizkuntza ohiturak? Hizkuntza portaerak aldatzeko ekimen sozialek lagunduko al lukete euskararen erabilera areagotzen? Galdera horiei eta antzeko beste galderei erantzuna ematea izango da aurtengo erronka.

Ekitaldian, hizlarien eta parte-hartzaileen artean Euskal Herriko txoko guztietako 275 partaide inguru bilduko dira, inoizko parte hartze handiena: Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiako, Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbat esparruetako langileak. Marka guztiak hautsiz dator aurtengoa.

Bost hitzaldi, bi mahai inguru eta proposamen berri bat

Beste urtebetez antolamendu batzordeak egitarau oparoa osatu da aurtengo ediziorako: bost hitzaldi, bi mahai inguru eta aurtengo berrikuntza nabarmenak, proposamen berri baten aurkezpena eta Miquel Strubell i Trueta, soziolinguista katalanak, bere ama hizkuntzan emango duen hitzaldia. Bideo emanaldi bat eta amaiera ekitaldia ere izango dute topaketek. Halaber, iazko edizioan estreinatu zen formatuarekin jarraituz, jardunaldiek gidari nagusi bat izango dute, Reyes Prados kazetaria, hizkuntza ohituren inguruan erreferente den Sevillako euskalduna.

Ohiko dokumentazio jasoera eta hasiera ekitaldiak bidea irekiko die hitzaldi eta mahainguruei. Osteguneko bidai luzea Katalunian hasiko dugu, Miquel Strubell i Truetak, soziolinguista katalanak, eskainiko duen ponentziarekin. Strubellek hizkuntza ohituren aldaketen testuingurua aurkeztuko du.

Jarraian, Euskal Herriko mapara egingo dugu salto, Aguraingo 75 ordu euskaraz edota Lasarte-Oriako 40 egun euskaraz esperientziak bertatik bertara ezagutzera, Asier Lafuenteren, 75 ordu euskaraz ekimenaren antolatzailearen, eta Pello Jauregiren, EHUko irakaslearen eta Hezkuntza Zientziatan Doktorearen, eskutik. Goiza, Xabier Aierdiren, EHUko irakaslearen, Ulermenaren mapa. Nola aldatu diren gauzak, kamarada! hitzaldiak itxiko du. Euskaraz hitz egiteko gai diren eta euskaraz ulertzeko gai diren herritarrekin osatutako mapa izango da hizpide.

Aurreko edizioan hartutako bideari jarraipena emanez, Onintza Iruretak, Argiako kazetariak eta Garikoitz Goikoetxeak, Berriako kazetariak gidatuko dituzte mahai-inguruak osteguneko bazkalostean. Euskaldunak aktibatzeko esperientzien jarraipena nola egin? eta euskaldunak aktibatzeko esperientziak zein beste esparrutan aplika daitezke? galderei erantzuna ematen saiatuko dira parte hartzaileak.

Ostiralean arreta berezia bereganatuko du Eusko Jaularitzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarrekin gauzatzen ari diren proposamen berriak. Egitasmoak euskararen herri guztietan hizkuntza ohiturak eta gizarte aktibazioa elkarrekin lantzea du xede. Proposamenak ekarpen lanerako aukera izango du eta Udaltopeko parte hartzaileek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute horretara bideratuko den saioan. Lantegiek bide emango die hiztun berriak eta hizkuntza-ohiturak aldatzea ponentziari, Estibaliz Amorrorturen, Deustuko Unibertsitateko irakaslearen, eskutik.

Bederatzigarren edizioak merezitako agur berezia izango du eta piano baten soinuaz agurtuko dira hurrengo urtera arte, Xabier Lizaso, piano-jolearen, eta Andoni Egaña, bertsolariaren eskutik.

Erreferentziazko topaketa

Udaltopek bederatzi urte beteko ditu aurten eta bere ibilbide oparoan erreferentziazko topaketa bilakatu da. Batetik, egunerokoan langai ditugun horiei erantzunak ematen ahalegintzen delako eta guztiok egiten dugun lana hobetzea bilatzen duelako; hausnarketarako plaza da eta horrek balio erantsia ematen dio. Bestetik, publikoaren fideltasuna lortu duelako. Hori horrela, Udaltop galdu ezineko zita bihurtu da, euskara teknikarien topagune. Datozen urteetarako erronka mahai gainean da jada.